Espainiako Gobernuko Barne ministro Jorge Fernandez Diazek esan duenez, Kepa Arkauz Ekhiñe Eizagirrerekin batera atxilotu dute Paris hego-mendebaldeko Blois herrian, eta ETAren falsifikazio taldearekin lotu du. Julen Mendizabal, berriz, Igor Uriarterekin batera, Montpellier herrian atxilotu dutela esan du Fernandez Diazek. Bien zeregina ETArendako autoak lapurtzea zela adierazi du ministroak.
Polizia iturrien arabera, atxilotutako beste bi ustezko etakideak Raul Aduna eta Andoni Goikoetxea dira, eta Limoges hegoaldeko Brive-La-Gaillarde herrian atxilotu dituzte.
Espainiako Barne Ministerioak zehaztu duenez, gaurko polizia operazioa goizeko 06:00etan abiatu dute Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak elkarlanean; ondoren, hainbat etxebizitza miatu dituzte. Dokumentazio ugari aurkitu dutela esan du ministroak, eta ez ditu atxiloketa gehiago baztertu.
Seitik bost "pertsona bilatuenen zerrendan"
Goizeko atxilotuei dagokienean, Frantziako Barne Ministeriotik gaineratu dute "zelula klandestinotako kide aktiboak" direla eta horietako bost pertsona bilatuenen zerrendan zeudela.
Julen Mendizabal iazko uztailean sartu zuten terrorista bilatuenen zerrendan, "Frantzian burututako hainbat operaziotan, erakundearen arma eta lehergai ezkutalekuetan batez ere, bere aztarna digitalak azaldu izanagatik".
2001 urterako, Auzitegi Nazionalak Bizkaia eta Gipuzkoako banketxeen kontrako erasoetan espezializatutako kale borrokako talde batekin erlazionatzen zuen Mendizabal, baina kasu hura artxibatuta geratu zen Audientzia Nazionalean. Ez luke zorrik justiziarekin, Euskadi Irratiak berri emandakoaren arabera.
Sei atxiloketek oihartzun handia izan dute gureko zein Frantziako hedabideetan. 2011ko urriaren 20an ETAk armak utzi zituenetik 43 dira ETAko kide direlakoan atxilotutakoak.