Aurtengo lanbide heziketaren azoka eguaztenean eta eguenean izango da, Kulturaten. Berritasun batzuk daude: batetik, ordutegia zabalagoa da, arratsaldeko zazpiak arte; eta, horrez gain, azoka bera beste modu baten antolatu dute. Klaustroaren bueltan izango dira zazpi ikastetxeen mahaiak eta, lehenengo aldiz, mahaiaren ondoan erakutsiko dituzte zentroek euren ikasleek egindako proiektuak eta aparailuak. Beraz, bisita gidatuak hortik egingo dituzte. Klaustro erdian, Goiazen parte hartuko duten bestelako erakundeak izango dira.
Beste nobedade bat Lanartean izeneko tailerra izango da.
Azoka osatzeko,hitzaldiak izango dira, ikasleendako eta publiko orokorrarendako.
Laugarren aldiz egingo dute lanbide heziketaren azoka, eta ordutik hona aldatu egin dela azaldu dute antolatzaileek. Hasieran, Batxilergoko eta Derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleei zegoen zuzenduta, eta gaur egun, horiez gain, langileei, langabeei eta gurasoei ere zuzenduta dago Goiaz azoka.
Izan ere, datuak eskuan hartuta, lanbide heziketako tituludunen behar handia dagoela esan dute Garapen Agentziako arduradunek: behar baino erdi mailako zikloetako tituludun gutxiago dago, lan merkatuak eskatzen duena kontuan hartuta.