Matxinbrada: "Instrumentuak jotzen jakin barik sortu genuen Matxinbrada"

Jagoba Domingo 2013ko maiatzaren 8a

Matxinbrada; matxinada hitzetik eratorritako izena, iraultza aldarrikatzen duten kantuak. Pentsatu eta sentitzen dutena inongo filtro barik transmititzeko bide bezala erabiltzen du hirukoteak musika. Matxinbradarentzat mezua da garrantzitsuena, egunerokoak barrunbehetan eragindako egonezin eta amorrua bideratzeko arma perfektua. 2008an erein zuten proiektuaren lehen hazia eta gaur egunerako bidea errepasatzeko Rober, Gaizka eta Joanes-ekin egon gara.

Nola hasi zenuten Matxinbrada?

Punk-aren historian musika talde askok bezala, instrumentua jotzen jakin barik. Gaizka eta biok[Rober] garaje batean jotzen hasi ginen, bateria eta gitarra jotzen hasi berriak ginen, baina gogotsu pasatzen genituen orduak bertan 2008an Joanes ezagutu genuen arte. Azken honek baxua hartu eta Aretxabaletako gaztetxean entseatzeari ekin genion. Pixkanaka gure bidea jorratzen hasi ginen bertsio batzuk joaz, baina batez ere material propioa egiteko gogoarekin. Hilabete batzuez laukote izan ginen, baina berriz ere hirukote izatera buelta egin genuen.

Hasieratik, mezuek garrantzia handia zuten, ezta?

Bai, guk punk musika ez dugu mezu barik ulertzen, punk musika jotzen duten taldeetatik gehien hitzak gustatzen zaizkigu; musika ere noski, baina hitzek berebiziko garrantzia dute. Musikalki orain hasi gara hobeto moldatzen, azken finean bakarrik gaude, ez dugu inolako irakaslerik izan. Musikaren teoriari buruz ezer gutxi dakigu, entzunaz eta joaz ikasten joan gara, eta harro gaude. Matxinbradaren lehen kontzertua hirurok hasi eta hiru hilabetera jo genuen Arrasateko gaztetxean. Bakarrik hiru akorde jotzen genituen, baina betidanik esan dugun bezala, letrak onak egin eta pentsatzen genuena esateko aukera zen.

Orduan, zuen materialagatik apustu egin duzue hasieratik.

Guztiz, sortu genuen lehenengo kantua Segurata Kabron izan zen eta hurrengoa Matxinbrada. Bertsioak jotzen ditugu, baina gure musika egiteari esfortzu handiagoa eskaini diogu. Bertsioak jotzen hasi ginenean, beti zer edo zer aldatzen genuen, gure ezaugarri pertsonala gehitzeko. Askotan jendeak dena esanda dagoela eta dena abestu dela diote, baina gure ustez, gure hitzak ezberdinak edo bereziak dira.

Zein istorio kontatzen dituzue?

Gehienbat gure bizitzei buruz idazten dugu; ez dugu ez garenaren itxurarik eman nahi, pozik gaude egiten dugunarekin eta ez gara musika munduan errekonozimendu bila sartu. Abestiek lagunarteko istorioak, hil zaizkigun lagunei eskainiak...askotan egunerokotasunaren isla dira ere; sufrimendua, gizartea eta sistemaren aurkako mezuak eta abar. Barruan dugun amorruaz, maitasunaz edo bestelako sentimenduez hitz egiten dute.

Lehenengo diskoarekin lanean zabiltzate, ezta?

Bai, orain arte zuzeneko kantu batzuk grabatuta eta maketa  baterako kantu batzuk grabatuta ditugu, hauek taldearen myspace webgunean daude. Baina orain diskoa grabatzeko ordua heldu dela uste dugu. Esan bezala, urte batzuen ondoren gure kantuek forma hartu dute eta jotzen eroso sentitzen gara. Presa barik ibili gara, momentu egokia heldu bitartean, eta orain dela uste dugu. Dagoeneko kantuen baseak grabatu ditugu, baina pixkanaka egitea erabaki dugu, guk geuk gustura geratu artean lanean jarraituko dugu. Grabazioa guretzako planteatu dugulako, behin amaituta noski banatuko dugula, baina gehienbat urte batzuk igaro ondoren diskoa hartu eta guk egindakoaz gozatzeko planteatu dugu. Hala ere, gure asmoa uda inguruan amaitzea da, dena gure kontu egingo dugulako, autoekoizpena izango da.

Orduan, zuen musika zabaltzea izango da beste helburua.

Bai, printzipioz egindako kopiak lagunen artean banatuko ditugu seguruenik. Oraindik ez dugu erabaki baina agian diskoen kopiak etxean egin eta aurkezpen txukun baterekin oparitu egingo ditugu. Guretzako dirurik ez daukagunez ez diegu besteei dirurik eskatuko.

Nola ikusten duzue gaur egungo punk eszena?

Asko aldatu da, gaur egun ia ez daude punk talderik, Oi edo punk- Oi taldeak baizik. Horrez gain, gure ustez talde askok entzun nahi duzuna esaten dute eta horretan geratzen dira, borroka alde batera utzi dela uste dugu. Teorikoki talde erreibindikatiboenak, borrokarako orduan ez dira inon agertzen. Hori lehengo punkiekin ez zen gertatzen, askok kabroi batzuk eta putaseme batzuk zirela esango zuten, baina beti hor zeuden borrokarako prest. Hori guztiz galdu da gaur egun. Horrez gain, orain ez dira horrenbeste talde gazte ikusten, badirudi musika jo beharrean beste gauza batzuk egitea nahiago dutela, esaterako telebista ikusi edo ordenagailu aurrean orduak pasatzea.

Bukatzeko, San Andreseko taldea izanik, Arrasateko punk mugimendutik at zaudetela uste duzue? 

Bai, askotan sentitu izan dugu. Ez dakigu erantzuna zein den, baina egoera hori da. Normalean Aretxabaletako taldeekin erlazio gehiago izan dugu. Hala ere egiten dugunarekin pozik gaude eta horrela jarraitzeko asmoa dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak