Markina Xemeingo Mundu Zabal GKEren proiektuetara bideratuko dute, hain zuzen, jasotako diru kopurua. "Dagoeneko 10 urte daramatzagu GKE horrekin lanean. Orain arte Mozanbiken egin dituzte proiektuak: errepideak, animaliendako etxaldeak edo eskolak erakitzen, esaterako. Aurten, Tanzanian hasiko dira, Mozanbikerekin muga egiten duen eskualdean", kontatu du Itziar Emazabelek. "Orain arte bigarren eskuko azokak antolatu izan ditugu, eta 12.000 euro inguru jaso dugu urtean. Aurten Eroskirekin hasi gara elkarlanean eta gehiago jasoko dugula uste dugu. Eroskik jartzen ditu produktuak eta lortzen dugun dirua GKE horri ematen diogu", gehitu du hondarribitarrak.
Zapatuan egun osoz egon dira taloak egiten. 2 eurotan saldu dituzte, txistorra eta guzti. Horrez gain, baina, bestelako produktuak ere izan dituzte salgai, gazta, piperrak, intxaurrak, txorizoak edo letxugak, esaterako.