Formazio politikoa eskaintzeko mintegia antolatu du Askapenak. Gaur egin dute lehen saioa Arrasaten, eta inperialismoa, herri boterea eta internazionalizazioa eta feminismoa moduko gaiak landu dituzte, besteak beste. Bigarren saioa hurrengo zapatuan izango da.
Euskal Herri osotik
Euskal Herri osotik etorritako jendea egon da zapatuko saioan, tartean, arrasatear batzuk. "70 lagun inguru etorri dira eta pozik gaude. Batzuk brigadistak dira, beste batzuk Askapeneko militanteak baina izan dira deialdiari erantzun dioten herritarrak ere", azaldu du Iñaki Etaio Askapeneko kideak. Izan ere, mintegiaren deialdia herritar guztiendako izan da. "Formazio politikoa beharrezkoa da, eta prozesu luzea da hori. Hala ere, mintegi honetan saiatu gara formazio orokorra ematen hemendik aurrera jendeak horren inguruan gehiago irakurri eta eztabaida dezan. Aurrerago, aurtengo brigaden inguruko formazio zehatzagoa emango diegu brigadistei. Aurten, Boliviara, Venezuelara, Palestinara eta okupatutako Saharara joango dira, adibidez", gehitu du Etaiok.
Gaurko hitzaldietako bat, adibidez, Bilgune Feministak eskaini du, metodo parte-hartzailean, internazionalizazioaz eta feminismoaz. "Hiru hausnarketa konpartitu nahi izan dugu. Batetik, konturatu behar gara herrialde guztietan emakumeak aktiboak direla euren herrietako borroketan, eta hori baloratu egin behar da. Bigarrenik, askotan badirudi mendebaldeko herrietan berdintasun egoeran bizi garela pentsatzen dugula eta hori uste faltsua da; beste herrialde batzuetako emakumeak biktima ikuspegia ematen zaie, emakume horien eskubideen aldeko kanpainak egiten dira, baina horren atzean ezkutatzen dena da herrialde horietako antolaketa kapitalista eta patriarkalak utzi duen pobrezia. Hirugarrenik, erakutsi gura izan dugu emakumeen eskubideen alde egiteak duen garrantzia ikuspegi internazionalista batetik", kontatu du Bilgune Feministako Leire Ibargurenek.