Azken txanpan sartzera doa Kooltur ekimenaren hirugarren ikasturtea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko maiatzaren 3a

Kooltur ekimenaren Kooltur Ostegunak azken txanpan sartu  dira dagoeneko; ekainaren 6an izango da hirugarren ikasturte honetako azken emanaldia. Hiru ikasturte dira dagoeneko eguenak kalitatez musikatuz. Eta musika izan ez denean, bestelako emanaldi interesgarriak eskaini dituzte. Ohikoak ez diren proposamenak ekarri dituzte gaztetxera, beti ere kalitatea bermatuz. Horregatik lortu dute antolatzaileek arrasatearren zein bailarako herritarren artean errotu den ekimena izatea.

Geratzen diren lau saioetan, ikasturte osoan egin duten moduan, askotarikoa izango da eskaintza.Maiatzaren 9an antzerkia izango da protagonista: Publikoari Gorroto antzezlana eskainiko du Ander Lipusek. Antzerkiari buruzko hausnarketa jostalari baten moduan hasten da obra, publikoarekiko keinuz eta umorez.Pixkanaka, ordea, arimaren barrunbe ilunenak joango dira agertzen: krudelkeria, bortxa, botere-harremanak... Giza izatearen amildegi ertzera iristeko asmoz dator aktorea. Lipus da eta beraz, ikuskizuna bermatuta dago.

Australiako aborigenen doinuak hilaren 16an

Maiatzaren 16an, Ibai Nikolai musikari berezia igoko da gaztetxeko agertokira: Australiako aborigenekin bizi eta gero, didgeridooa gainean zeramala Europa zeharkatu zuen. Orain, bere laugarren eta azken lana aurkeztera dator, haren ibilbideko lanik pertsonalena eta ausartena.

Hilaren 23rako The Capaces taldearen kontzertua lotu dute antolatzaileek. Bartzelonatik datoz eta Europako punk-rock talderik onenen artean kokatzen dute adituek. 1998an sortu zen taldea eta beraz, eskarmenturik ez zaie falta.

Fiachras hirugarren ikasturtea amaitzeko

Hilaren 30ean, greba deialdia dela-eta, ez da emanaldirik egongo. Ikasturtearekin amaitzeko, ekainaren 6an, Fiachras taldeak joko du. Lazkaoko Haritz Artola, Bergarako Aitor Aldanondo eta konpainia Sumision City Blues taldearekin batera single-a kaleratu berri datozela igoko dira agertokira. Folka, rocka eta beste hainbat doinu; baina, batez ere, hitzei eta ahotsari garrantzia berezia ematen dioten kantuak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak