Askotariko estilo eta formulak erabilita, mendia eskenatoki moduan batzuetan, mendian praktikatzen diren kirolak oinarri hartuta beste batzuetan, edo jarduera horietako protagonisten izaera eta bizimodu aintzat hartutako kontakizunak batzen dituzte pelikula horietan; beti ere mendia ardatz hartuta. Batzuetan hitzekin edo musikarekin jantzita, beste batzuetan giro soinua izanik entzuten den bakarra, irudi ikusgarriek ematen diote bereziki indarra, kontatutako istorioei; mendizaleei gainera, askotariko ikusleei, gozamenerako, hausnarketarako, ondo pasatzeko, eta hunkitzeko bidea emanez.
Mendia ardatz hartuta
Mendi Film Festivalaren adar bat da Mendi-Tour jaialdia, Bilboko jaialdian erakutsitakoa Euskal Herrian zehar zabaltzeko bidea ematen duena. Herriz-herriko programazioak egiten dituzte, erakutsiko duten herriaren edo elkartearen ezaugarri edo zaletasunen arabera.
Arrasateko egitaraua, Besaidekoekin elkarlanean osatu dute. "Festibalean hainbat egunetan erakutsitakoaren aukeraketa bat da Arrasatera ekarriko duguna. Zerrenda egiterakoan hainbat kontu uztartu ditugu: saritutako lanak; euskarazko azpitituluak dituzten zein gertuko gai edo protagonistak dituzten izan dira, besteak beste, kontuan hartutakoak. Iazko mendi astean Alex Txikon Arrasaten izan genuenez, Txikonen lana ekarriko dugu eta Pou anaiak gasteiztarrak izateak ere izan du eragina" dio Aitor Zubiaga, Besaide Mendi taldeko presidenteak. Bilbon estreinatu zuten Pou anaien Nit de bruixes 3D filma, zineman erakutsiko duten bigarren aldia da Arrasatekoa.
Besaide eta Udalaren eskutik
Besaideren iazko batzarrean mendi zinemaldia herrira ekartzea pentsatu zuten. Udalari proposatu zioten orduan, eta haren laguntzarekin, Arrasateko zein beste herrietatik hurbildutako 300 bat ikusle inguru batu ziren Amaia Antzokian, txalo zaparradekin eskertuz erakutsitakoa. Iazko harrera ikusita, Mendi Tour zine zikloaren bigarren edizioa egiteko proposamena egin zion berriz ere Besaidek Udalari; Udalak diruz lagundu du, ekoizpenaren kostua beregain hartuz eta mendi taldearenak izan dira, besteak beste, zabalkunde lanak. Asmoa urtero egitea dela diote Besaidetik eta badirudi Mendi Film Festivaletik ez dutela trabarik izango, iaz txundituta gelditu ziren-eta antzokiaren ezaugarri eta kalitate paregabeaz.
Munduan erreferente
2008an abiatu zuten zine jaialdia, 2012. urtean Bilbora ekarri zuten, Gasteizen egiteko zituzten arazo ekonomikoak eta, era berean, zinemaldiak izan duen hazkundeak bultzatuta. Euskal Herrian erabat errotuta dagoen jaialdia, mundu mailan ere erreferente bilakatu da Jabi Baraiazarra, Mendi Film Festivaleko sortzailearen esanetan: "Goi mailako pelikulak erakusteko eszenatokiaz gainera, protagonistendako eta atzean dauden teknikarien ezinbesteko topaleku ere bilakatu da. Gozamenerako gainera, inspirazio iturri handia ere badena, herrietara zabaldu dugu".
Zazpi lan
'Of Souls + Water: The Nomad'
7' | Ingelesa | Euskarazko azpitituluak
Eric Boomer Nomad, Idahoko kayaklaria, da protagonista. Irudi ikaragarriekin, Boomerren nortasunaren gaineko gogoeta jasotzen du.
'Why?'
8' | Ingelesa | Euskarazko azpitituluak
Hiru kirolariren ahotik hiru kirol jardun batzen ditu: kayaka, mendi bizikleta eta eskalada. Praktikatzen duten jardunaren zergatia azaltzen du bakoitzak.
'Moonwalk'
4' | Mutua
Irudi ikaragarriak eta akzioz betetako film bizia. Musikarik eta hitzik ez duena eta plano sekuentzia bakarrekoa. Dean Potter eskalatzailea da protagonista.
'Bajo cero'
20' | Gaztelera
Alex Txikon eta Carlos Suarez eskalatzaileen arteko solasaldi gordina. Aurreko espedizioan desagertutako hiru kideen gainean jarduten dute.
'Origins: Obe and Ashima'
22' | Ingelesa | Euskarazko azpitit.
New Yorken bizi den Japoniako neskatila eskalatzailearen eta haren entrenatzailearen arteko harremanaren istorioa.

'Silbergeier'
20' | Frantsesa | Euskarazko azpitit.
Erritmo eta umore handiko film freskoa. Nina Capres eskalatzailearen istorioa.
'Nit de bruixes'
8' | Gaztelera | 3 D
Iker eta Eneko Pou anaiek Katalunian grabatutakoa. Iazko Bilboko jaialdian estreinatua; Arrasatekoa du bigarren emanaldia.
