Gimnasia erritmikoko hitzordu bikoitza asteburuan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko maiatzaren 2a

Alde batetik, abian dira Gipuzkoako txapelketak: zapatuan, maiatzak 4, amateur mailako finala jokatuko da Irunen; banakako finala izango da eta Gipuzkoa osoko kadete, jubenil eta senior mailetako gimnastek parte hartuko dute. Bestetik, Aerobikeko Espainiako Txapelketa jokatuko du bihartik –egubakoitza– domekara, Zaragozan. Batean zein bestean izango dira Arrasateko Dragoi gimnasia taldekoak.

Irungo Artaleku kiroldegian izango da amateur mailako Gipuzkoako txapelketa. Goizez ariko dira kadeteak –A eta B mailak– eta seniorrak, 11:00etan hasita; eta arratsaldez, jubenilak –A eta B mailak–, 15:15etik aurrera. 

Arrasateko Dragoi gimnasia taldeko hiru kide izango dira lehia horretan: Ane Fernandez eta Beñat Arizabaleta –kadete B maila, uztaia eta mazak–, eta Ainhoa Delgado –jubenil B maila, uztaia eta zinta–.

Espainiako txapelketa

Bihartik domekara –maiatzak 3, 4 eta 5–, bestalde, Aerobikeko Espainiako Txapelketa jokatuko da, Zaragozako Siglo XXI kiroldegian. 

Aurrez ospatutako txapelketetatik sailkatutako Espainia osoko gimnastak elkartuko dira bertan, Arrasateko Dragoi gimnasia taldekoak tartean: Olatz Fernandez, Ione Goikolea, Leire Gonzalez, Leire Poyato eta Saioa Arriola, taldeka; Nerea Otxoa, Eider Altube eta Araitz Altube, bakarka; eta Eider Altube eta Olatz Fernandez, Mirentxu Amozarrain eta Maialen Gallardo, eta Maialen Diaz eta Ane Gorosabel, bikoteka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak