Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ingeniaritzarekin lotura duten bost unibertsitate-master eskainiko ditu datorren ikasturtean. Horietako bat, hain zuzen, Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritzako unibertsitate-masterra, Mondragon Unibertsitatearen Donostialdeko kanpusean, Orona IDeO-innovation cityn, eskainiko da; ikasturte berriarekin irekiko ditu ateak Orona IDeO-innovation cityk.
MUko unibertsitate-masterren ezaugarri nagusiak dira:
- Espezializazio maila handia eta praktikotasuna. Izan ere, eskaintzen diren edukiak enpresen eta erakundeen beharretara egokiturik daude, eta horiekiko harremana eta ikasleen enplegagarritasuna sustatzen dute.
- Nazioartekotzea eta ikerketa ere badute helburu. Hain zuzen, etorkizuneko ikertzaileena da unibertsitate-master horien profiletako bat, doktoregoa egiteko aukera ematen duen ibilbidea eskaintzen baitute.
- Unibertsitate-master ofizialak dira eta unibertsitateetan baino ezin dira eman, ziurtatze-agentzien ebaluazioak gainditu eta Hezkuntza Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso ondoren.
Maiatzean Goi Eskola Politeknikoak EAEko hiru hiriburuetan eta Arrasaten interesatu guztiei irekitako doako informazio-saioak emango ditu, eskaintza akademiko hori ezagutzera emateko; Arrasateko saioa Goi Eskola Politeknikoan izango da, hilaren 29an, eguaztena.
Hitzaldietan, gainera, enpresetako hizlariek hartuko dute parte, besteak beste, Ingeteam, Innobasque, Orona, CAF, Ibermática eta Aernnova Aerospace enpresetako ordezkariek. Masterrek enpresa-munduarekin dituzten loturak azalduko dituzte, baita eskaintzen dituzten lan-aukeren berri eman ere.
Ikasle talde bat Arrasateko kanpusean.
Bost master
1- Enpresa Berrikuntzako eta Proiektu Kudeaketako Unibertsitate Masterra:
- Tokia: Goi Eskola Politeknikoaren Donostialdeko kanpus berrian eta Arrasateko kanpusean.
- Iraupena: Urtebete.
- Presentziala.
- Gazteleraz eta ingelesez.
- Ekonomia berrian enpresen funtsezko erronkei erantzutera bideraturik dago.
2- Lotutako Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Unibertsitate Masterra:
- Tokia: Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko kanpusean.
- Iraupena: Bi urte.
- Presentziala.
- Ingelesez eta gazteleraz.
- Tituluaren helburu nagusia da gizarterako produktu, zerbitzu eta prozesu teknologikoen berrikuntza sustatzeko eta sortzeko gai izango diren profesionalak prestatzea.
3- Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra:
- Tokia: Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko kanpusean.
- Iraupena: Bi urte.
- Presentziala.
- Ingelesez eta gazteleraz/euskaraz.
- Diziplina anitzeko masterra da eta teknologia berritzaileak sustatzeko, planifikatzeko eta integratzeko gaitzen ditu ikasleak. Masterrak enpresetako eguneroko kasuak ditu oinarri. Gainera, masterrean benetako proiektuak abian jarriko dira.
4- Sistema Txertatuetako Unibertsitate Masterra:
- Tokia: Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko kanpusean.
- Iraupena: Bi urte.
- Presentziala.
- Gazteleraz eta ingelesez.
- Sistema txertatuetan oinarritutako produktuak berritu, diseinatu, garatu, ebaluatu eta mantentzeko eta bizi-ziklo osoan zehar horien fidagarritasuna bermatzeko gai izango diren profesionalak prestatzea da tituluaren helburu nagusia.
5- Energia eta Potentzia Elektronikako Unibertsitate Masterra:
- Tokia: Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko kanpusean.
- Iraupena: Bi urte.
- Presentziala.
- Gazteleraz/euskaraz eta ingelesez.
- Tituluaren helburu nagusia da profesional trebatuak prestatzea potentzia-elektronikaren aplikazioak aztertu eta analizatzen, potentzia-bihurgailu elektronikoak aztertu eta analizatzen eta makina elektrikoak aztertu eta analizatzen.
Erasmus egonaldiak
Industria Ingeniaritzako, Sistema Txertatuetako eta Energia eta Potentzia Elektronikako masterretako ikasleek 2. ikasturtean atzerrian Erasmus egonaldiak egiteko aukera izango dute, edo atzerriko unibertsitateekin Diploma Bikoitzak Programan parte hartzekoa.
Egokitze-ikastaroa
2012-2013 ikasturteari begira, Mondragon Unibertsitateak ingeniarientzako egokitze-ikastaroa –zubi-ikastaroak ere deitzen zaie– jarri du martxan. Horren bitartez, egungo diplomatu edo ingeniari tekniko tituluari eusteaz gain, Goi Irakaskuntzako Europar Eremura egokituriko gradu-titulua ere lortzen da.
Hiru gradu berri
Gainera, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak –Arrasaten kanpus bat duenak eta beste bat Goierrin– 2013-2014 ikasturtetik aurrera hiru gradu berri izango ditu: Ingeniaritza Biomedikoa, Energiaren Ingeniaritza eta Prozesu Industrialetako Ekoteknologiako Ingeniaritza. Azken bi horiek Donostialdeko kanpus berrian emango dira.