Josu Letona: "Urte borobila izan da aurtengoa, nork esango zidan munduko bigarrena izango nintzela!"

Ane Miren Etxeberria 2013ko maiatzaren 3a

33 urte bete berri ditu Josu Letona arrasatearrak eta oparia Turkiatik ekarri du. Izan ere, mundu mailako kenpo txapelketan bigarren postua lortu du. Kirol ezezaguna bada ere gure artean, Espainiako txapelduna eta munduko txapeldunordea daukagu herrian, eta harekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Bigarren postua lortu duzu munduko txapelketan; pozik, ezta?

Bai, orokorrean oso urte ona izan da. Munduko txapelketa batean bi modalitate ezberdinetan bigarren postua lortzea sekula espero izango ez nukeen zerbait da. Gainera, nire maisuak, Rafa Carrietek, 4. postua lortu zuen katatan. Horretaz aparte, Espainiako txapelketan Atama kenpo taldeak lortu dituen emaitzak oso onak izan dira. Miguel Angel Palacinek gerriko berdeetarainoko mailan txapela lortu zuen. Karla Zabalak gerriko marroi eta beltzen arteko borroka jarraian bigarren postua lortu zuen. Nik gerriko marroi eta beltzen arteko punturako borrokan bigarren postua lortu nuen. Eta aipatzekoa da Jose Luis Maqueda, Xabi Ferreiro, Alberto Narro eta Ruben Alonsok eginiko lana. Guk egiten dugun kenpo mota Full Defensea da eta Espainiako Federazioarengandik lortu nahi dugun ofizialtasun eta errekonozimenduari begira aurrerapauso izugarria izan da. Benetan urte borobila izan da.

Zein zen zure helburua Turkiara joan aurretik?

Egia esan, joan aurretik ez neukan erreferentzia handirik. Maila handia espero nuen. Urduritasunak alde batera utzi eta lan duina egitea nuen helburu. Eta, nola ez, lesio gogorrik gabe bueltatzea. Beraz, egindako lanarekin benetan pozik nago. Ederra izan da.

Zer sentitzen da borrokan zabiltzan bitartean?

Borroka hasi aurretik burua  hotz mantentzea izaten da helburua. Aurkariak aztertu eta estrategia ezberdinak lantzen ditut. Semikenpo modalitatean (puntura), hori nahiko erraza da. Kenpo K1 (KOa bilatzen den modalitatea) modalitatean, berriz, gauzak asko aldatzen dira.

Kontaktu askoko txapelketa izan dela badakigu...

Kontaktua osoa izan da. Espainia mailako txapelketetan kontaktua nahiko murrizten da, baina kasu honetan ez da batere murriztu. Batez ere Kenpo K1 modalitatean aurkariaren KOa bilatu da eta nik parte hartu ez dudan modalitateetan, hau da, Kenpo knockdown eta Kenpo submission modalitateetan lesio asko egon dira. Egia esan, modalitate hauek ez dira oso bateragarriak hurrengo egunetan lanera bueltatzearekin.Min hartuta etorri zara; zer moduz zaude?

Ba, egia esan, izter ingurua nahiko zigortu didate, bai. Finalerdian kolpe nahiko handia jaso nuen, eta, berotan igarri ez nuen arren, borroka amaitzean handitzen hasi zitzaidan eta mina areagotzen. Finala hasi eta gutxira beste kolpe bat jaso nuen eta handik gutxira bertan behera utzi behar izan nuen borroka. Baina min muskularra denez, nahiko azkar errekuperatuko naiz.

Konta egiguzu Turkian bizi izan duzuna...

Lehen egunean semikenpo modalitatean aritu ginen. Zorionez, emaitza nahiko onak izan ziren; beraz, honek presio handia kendu zigun gainetik. Bigarren egunean, borrokarik izan behar ez genuenez, Antalya ezagutzeko aukera izan genuen eguerditik iluntzera arte. Hirugarren eguna Kenpo K1 modalitatean jardun genuena izan zen, eta honen ostean sari banaketa. Orokorrean, kirolarien arteko harremana oso ona izan da. Agian, baten batzuek jarrera oldarkor xamarra izan dute, baina, gehienbat, giroa nahiko alaia izan da. Egia esan, munduko leku askotako kirolariekin lehiatzea eta haiek ezagutzea esperientzia izugarria izan da.

Espainiako txapelketa jokatu duzu, orain mundu mailakoa... kirol honetan lor daitekeen maila gorenera heldu zarela esan daiteke?

Ba, egia esan, arte martzial honetan hasi nintzenean ez nuen pentsatzen honaino helduko nintzenik. Mundu mailako federazio batek antolatutako txapelketetan aritzea amateur mailan eman daitekeen pausorik handiena da. Pentsatzen dut puntu honetara helduta aurrerapausoa eman nahi duenak ikuspuntu profesionaletik hartu beharko lukeela gaia. Baina hau ez da nire kasua.

Zure hurrengo erronka?

Ba, seguruenik hau izango da parte hartzen dudan azken aldia. Hau da urtero txapelketen ostean pentsatzen dudana. 33 urte bete berri ditut eta ez dakit zenbat denbora gelditzen zaidan parte hartzaile bezala. Ikusiko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak