Sumision City Blues egubakoitzean Iluntz taberna

Jagoba Domingo 2013ko maiatzaren 1a

Sumision City Blues taldeak egiten duen musika definitzea ezinezkoa izatetik gertu dago. Rock and roll-aren hainbat estilo ezberdin bereganatu eta guztiekin koktel bat egiten dute. Hala ere, hauen kantuek badute ezaugarri komun bat, arima eta punk jarrera. Sumision City Blues-ek zigilu propioa du eta hortaz gozatzeko aukera paregabea da egubakoitzean Arrasateko Iluntz tabernan 22:30tan eskainiko duten kontzertua.

Esan bezala, rock and roll-a mugarik gabe eta inongo lotsarik gabe interpretatzen dute underground musikaren eszenan oso ezagunak diren musikari hauek. Eta hilabete batzuetako lasaitasuna alde batera utzita, bueltan dira, oraingoan Fiachras taldearekin batera argitaratuko duten single-a aurkezteko asmoz.
Disko labur berrian talde bakoitzaren bi kantu berri egongo dira. Sumision City Blues-ekoen kasuan, Gasteizko Sonora Studioan grabatu dituzte, kontrolean Martin Guridi zutela. Dagoeneko taldearen bandcamp webgunean Angelines kantua entzungai dago, eta beste kantua Besar a cualquiera izango da. Taldean ohikoa den bezala bi kantuen aldea nabaria da, baina Pela-ren hitzek, nortasun berezia ematen die biei ala biei.

Sumision City Blues ez da talde beterano bat, baina urte hauetan, dagoeneko lan batzuk kaleratu dituzte. Beti ere, lan motzak izan dira, bi eta lau kantu artekoak. Lehenengoa lau kantuz osaturiko Sumision City Blues disko labur bat izan zen 2011an, eta horrekin batera beste hiru kantu argitaratu zituzten 7"-ko biniloan. Ondorengo pausoa, 2012an kaleratu zuten El odio, la ternura y la demacracion humana disko laburra izan zen. Aurten berriz Gasteiz Dirt Capital izeneko bilduman beste bi kantu sartu dituzte eta bi aste barru Fiachras bergararrekin batera beste bi argitaratuko dituzte.
Guztira hamahiru kantu eta beste bi heltzear eta guztiekin gozatzeko aukera gaur gaueko 22:30etan Iluntz tabernan doan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak