Eguerdiko 13:00tan heldu dira txistulariak San Andres auzoko Gudari plazara eta bertako oholtzara igo dira Aitor Guridiren emaztea eta seme-alabak, Inazio Azkarragaurizar alkate eta Juan Antonio Barriocanal, auzo alkate izan zenari hitz batzuk eskaintzera. Hauekin batera, gaur egun auzoko alkatea den Jon Barriocanal eta Porru egon dira oholtza gainean.
Laguntzeko eta lanerako izan zuen prestutasuna azpimarratu dute Azkarragaurizarrek eta Barriocanalek. Arrasateko alkateak, elkarlanerako prest zegoen pertsona zintzo eta apala zela azpimarratu du, gaur egun beharrezkoak diren horietakoak. Barriocanalek, San Andres auzoan dauden kultura ezberdinak batzen saiatu zela azpimarratu du, eta beti auzokideei laguntzeko lanean egotea eskertu diote.
Omenaldia amaitzeko, Jon Barriocanalek koadro bat oparitu dio familiari auzoaren izenean eta aurreskua dantzatu diete hunkituta zeuden Guridiren familiartekoei.