Nekane Jurado: "Herriak herriarentzat sortutako eredu baten aldekoak gara"

Imanol Gallego 2013ko maiatzaren 2a

Askapenak maiatzeko lehen bi asteburuetan formazio saioak eskainiko ditu Arrasateko Etxaluze eraikinean. Bigarren aste bukaeran sistema kapitalistak eragin duen krisitik irteteko alternatibak izango dira protagonista. Bertan Nekane Jurado ekonomialariak 'Alternatiba sozioekonomikoak eraikitzen' izenburupean hitzaldia egingo du. Krisia ekonomikoa barik, mendebaldeko bizitzeko moduaren gainbehera dela uste du.

Zein egoeratan gaude?

Aste honetako titularrak irakurtzea besterik ez dago. Datuak negargarriak dira, gizartea oso egoera larrian dago. Lan faltaz gain, gobernuaren laguntzari esker, lanaren egoera bera ere dezente okertu da. Gainera, titular handien bitartez, jendea nahastu egiten dute. Burtsak edo Barne Produktu Gordinak gora egiteak ez du gure egoera hobetuko denik ziurtatzen. Are gehiago, kasu askotan, lan baldintzek bere horretan jarraitu edo okerrera egiten dute.  

Krisi honen kostua, gainera, ahulenak ordaintzen ari dira.

Hala da, bai. Itxuraz, ekonomiaren hobe beharrez, produktu lehiakorrago batzuk sortzeko, enpresen irabaziak murriztu beharrean soldatak jaisten hasi dira. Hortaz, krisi hau birritan ordaintzen ari gara, lehenengo soldata jaitsieren bidez eta gero gizarte zerbitzuetan egin dituzten murrizketa sakonen bidez.

Hitzaldian alternatiba sozioekonomikoak azalduko dituzu. Badago guztiontzat ona izan daitekeen eredu ekonomikorik?

Guk 90eko hamarkadan euskal sozialismo identitarioa deritzon  eredua sortu genuen. Hori martxan jartzeko, baina, Euskal Herriaren independentzia ezinbestekoa da, gure ekonomiaren jabe izatea beharrezkoa da. Zoritxarrez, egun bizi dugun larrialdi egoeragatik ezin gara independentziaren zain egon. Horregatik, 90eko hamarkadan sortutako eredutik tiraka, Auzolan Euskal Herria delako proiektua sortu dugu. Zatika bada ere, hasi gara eredu horretako zenbait ekimen martxan jartzen: denbora bankuak, elkartruke programak... Herriak herriarentzat sortutako eredu baten aldekoak gara, kanpo injerientziarik gabea. 

Esku-hartze gehiegi dago, ezta?

Multinazional eta korporazioek botere gehiegi dute. Bertatik bertarako ekonomi sistema umilago baten sinisten dut. 

Krisia ekonomikoa edo mendebaldeko gizarte ereduarena da? 

Krisia azaleratu aurretik izaera edo ekologiaren krisiez hitz egiten genuen. Argi dago, krisia barik, mendebaldeko bizitzeko eraren gainbehera dela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak