Arizmendik "lan polita" egin du Europako Gazte Parlamenturako Espainiako kanporaketan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko apirilaren 30a

Arizmendi Ikastolako Gaztelupe guneko batxilergoko hiru ikaslek hartu zuten parte Europako Gazte Parlamenturako azken kanporaketan, Bilbon, apirilaren 25etik 28ra: Leire Carreras, Irati Lopez eta Iker Bengoetxea. Harekin egon zen Ana Arantzabal irakasleak kontatu digunez, "lan polita" egin zuten ikasle arrasatearrek: "24 ikastetxek hartu zuten parte eta ingelesari dagokionez, oso maila altua zegoen". Espainiako azken kanporaketan hartu zuten parte eta bi ikastetxek bakarrik lortuko dute Europarako txartela; laster jakingo dute zeintzuk izan diren irabazleak. Txartela lortu edo ez, Arizmendiko ikasleek lau eguneko esperientzia ezin aberasgarriago bizi izan dute.

Lagun berriak ezagutzea, taldean lan egiten ikastea... Lau egunetako esperientzia ederra izan da ikasleendako. Bilboko udaletxean egin zuten harrera ekitaldia eta hiru egunetan zehar ekintza ezberdinak egin ostean, Bilborock eraikinean egin zuten azken debatea. Europako herrialde bat zozketan jaso hura ordezkatzeko lana eman zieten ikasleei eta gureei Grezia egokitu zitzaien. Arrasateko ikastetxeaz gain, Euskal Herritik beste bi ikastetxek lortu zuten kanporaketa horretarako txartela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak