Esandako moduan, mozioetan eman dira eztabaidak; gainerako gaiak batzordeetan landuta zeudenez, ez dute interbentziorik izan. Lehen mozioa EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dute, Mendekotasunaren Arretarako Gipuzkoako Hobekuntza Planaren gainean. Aritz Arrieta PSE-EEko bozeramailearen arabera, Bildu Diputaziora heldu denetik ordura arteko aurrerapen guztiak "stand by" egoeran geratu dira. EAJko Juan Ramon Mendietak erantzukizuna beste batzuei pasatzea leporatu dio Aldundiari.
Rodriguez diputatuaren harridura
Ander Rodriguez Gizarte Zerbitzuetako diputatuak eta era berean Arrasateko zinegotzi denak harriduraz hartu ditu oposizioko kideen hitzak. Plan berriak dioena irakurri izana ere zalantzan jarri du Rodriguezek eta azpimarratu du euren proposamena "gardena" eta "irekia" dela, "erabat". Oposizioaren mozioari mozio alternatiboa egin dio Udal Gobernuak eta azken hori izan da onartu dena, Bildu eta Aralarren aldeko botoekin (11) eta EAJ zein PSE-EEren kontrakoekin (8).
Merkataritza eta turismoa ere, eztabaida iturri
Beste mozioa alderdi sozialistak aurkeztu du. Udalari plan estrategiko bat eta Aldundiari diru partida bat eska diezaiola galdegiten zuten mozio horretan, besteak beste. Maider Morras Bilduko bozeramaileak erantzun du esanez ez dutela mozioarekin bat egingo eskaerak betetzen direlako dagoeneko eta puntu horietan "buru-belarri" ari direlako lanean: "Merkatariekin oso harreman estua dugu eta guretako estrategikoa da, adibidez, azoka biziberritzeko ekimena. Oso pozik gaude, besteak beste, Azoka Egunak izandako harrerarekin".
Alderdi sozialistak, berriz, ez du ulertu Udal Gobernuak mozioarekin bat egin ez izana: "Eskatzen dugun bakarra da Aldundiari diru partida berezi bat eskatzea merkataritza eta turismoa bultzatzeko. Ez dut uste puntu batzuk betetzen direla esatea argudioa denik, batak ez du bestea kentzen".
Joxerra Askasibar Bilduko zinegotziak eta batzordeburuak ere hartu du hitza: "Mankomunitateak aspaldi ari da lanean turismoa bultzatzeko. Lanean gabiltza eta lanean jarraituko dugu".
Beraz, mozioak ez du aurrera egin, sozialistek eta jeltzaleek alde bozkatu arren (8), Bilduk eta Aralarrek kontra bozkatu dutelako (11).
Udaletxea, herritar guztiena
Amaitzeko, galdera eta eskaeren atalean Ibon Arrupe zinegotzi jeltzaleak alkateari eskatu dio ez egiteko udaletxearen erabilera partidista bat. Martxoaren 16an udaletxean Venezuelako bandera jarri izana salatu du eta gogora ekarri dio udaletxea herritar guztiena dela. Alkateak, jeltzaleak jakinaren gainean zeudela uste zuen baina ez zen hala izan eta horregatik barkamena eskatu eta hurrengo batean beste era batera jokatuko duela esan dio Arruperi.