Zer batzen du jardunaldiak eta zein helbururekin?
Gure helburua, haurra zentraltasunean jarrita, Euskal Herrian abian dauden hainbat ekimen ezagutaraztea da. Baina badu bigarren helburu bat ere: Francesco Tonucci psikopedagogo italiarrak haurren zentralitatearen inguruan egindako azterketak Tonucciren ahotik jasotzea. Umearen inguruan lanean gabiltzanok hainbat autoreen lanetatik elikatzen bagara ere, funtsezkoenetako bat, Francesco Tonucci dugula kontuan hartuta, gonbidapena egin genion etortzeko. Hasiera baten Txatxilipurdik haurren eremuan lan egiten dugun beste eragileoi Tonucciren Città dei bambini liburua itzultzea proposatu zigun; hortik sortu zen jardunaldiaren ideia, Tonuccirekin harremanetan jarrita.
Nor da Tonucci eta zergatik da hezitzaileendako erreferente?
Orain erretiratuta dagoen arren, urte asko eman ditu irakaskuntzan, ikerkuntzan eta ondorioz, hainbat ekimen jarri zituen martxan. Urte luzetako jardunean, elkarrekin lotuta dauden bi eremu landu ditu, beti ere, haurren zentralitatean oinarrituta: herria edo hiria zer den eta umeek herriaren antolaketan parte hartzeko duten eskumenaren ideia batetik, eta bigarrena, berriz, umea eta eskolaren ingurukoa litzateke. Kontzeptu horiek biak jaso zituen, besteak beste, Città dei bambini liburuan, hezitzaile askok esku-liburu moduan erabiltzen duguna.
Liburuaren euskarazko bertsioa, Haurren Hiria maiatzaren 9an Arrasaten aurkeztuko duzue.
Gure lan jarduna euskaraz izanda, beharrezkoa ikusi genuen guztiok Haurren hiria argitaratzea. Bergarako Maider Elkorok itzuli du. Tonuccik, erretiratu ondoren Fanon, jaioterrian, abian jarritako filosofiaren gauzatzea jasotzen du liburuak. Kezka batetik abiatu zen, hau da, haren haurtzaroko garaiko hiriak eta gaur egunekoak, antzekotasunik ez zutela. Tonuccirentzako lehengoa gizatiarragoa zen eta horregatik, hiria eta haren antolaketa, umeen begiradatik ikusten hasi beharra aztertzen hasi zen. Fano hiriko sei eta hamabost urte bitarteko haur eta gazteekin laborategia jarri zuen orduan martxan, hau da, herriko guneak eraldatzeko haurren batzorde bat antolatu zuen Udalean. Haurrei horrelako prozesu parte-hartzailetan nola lan egin irakatsi zien lehenengo eta ondoren, haur batzorde horrek, hiri egoki baten aldeko proposamenak egin zizkieten udal ordezkariei. Proiektuak emaitza onak eman zituenez, Italiako beste herri batzuetara hedatu zen gero eta Europako zein Hego Ameriketako beste herrialde batzuetara ere bai.
Haurren hiria liburuaren hitzaurrea zuk egin duzu, ze mezurekin?
Tonucciren ideia nagusiak nabarmendu ditut, nolabait esanda, umeari zer zor diogun. Umearen balioa gehienetan, etorkizunean izango denaren arabera neurtzen dugu eta ez, haurra momentuan zer denaren arabera. Tonuccik dio, umea hiritarra denez, baduela balioa. Duda barik, ikasketa prozesu indartsua dago atzetik, baina gauzak egiteko beste modu bat ikasita, komunitate osoarentzako onurak izango dituen gizartea eratzeko bidea emango du. Tonucciren ekarria termino horietara ekarri dut eta ideia horiek gurera nola ekarriko dugun azaltzen saiatu naiz, bereziki, hizkuntzaren zentralitatea eta herrigintzan oinarrituta.
Nola gauzatu ahal da filosofía bera herrialde ezberdinetan?
Tokian Tokiko tradizio eta indarguneak zeintzuk diren oso kontuan hartu behar da eta gure ustez Euskal Herrian Tonucciren ideien aplikazio tekniko egin daiteke gure tradizioari lotuta. Tradizioari lotuta, besteak beste, bi ezaugarri ditugu: bat, hizkuntza eta bestea, auzolana, edo herri mailako ekimenetan antolatzeko dugun joera. Hemen, beraz, bi ezaugarri horiek oinarri hartuta aplikatzea proposatzen dugu Tonucciren filosofia.
Euskal Herrian ere eman ditu Tonucciren filosofiak hainbat fruitu.
Badira batzuk bai, urrutira joan gabe, Txatxilipurdik, besteak beste, ohiko ludoteken funtzionamendua aldatuta eta haurra zentralitatean jarrita bi egitasmo jarri ditu abian: Berramesten egitasmoa eta Plaza berreskuratuz deritzona, bestea. HUHEZIko Sorgunea ikertegitik lanean ari gara, Irrien Lagunak elkartearekin, Oarsoaldeko lau udaletan, umeen parte-hartze prozesuan oinarritutako proiektua gauzatzen. Ordiziako Udalean ere badute orain urte batzuk Ordizia herria hezitzailea izateko beste bat martxan. Nafarroan ere badira, Lizarra eta Iruñean, umeek diseinatutako parkeak egin dituzte adibidez. Leioan Tonucciren filosofian oinarritutako ikas-komunitate egitasmoa ere abian da. Horiek guztiak, jardunaldietan sakonduko ditugu.
Hiria antolaketa egokia behin eta berriz aipatuta, nola gauzatu herria edo hiria hankaz gora jarri gabe?
Hasteko, nabarmendu beharreko ideia nagusia, hiriak ideologia baten arabera antolatzen direla, da. Orain arte izan dugun hirigintza, arazo fisikorik ez duen eta dirua maneiatzen duen gizonezkoaren ikuspuntutik sortutakoa da. Ez dago ezer neutroa; beraz, beste modu batera pentsatuz gero, beste modu batera deseraiki edo berreraiki daitezke hiriak. Nire ustez kontua ez da hiriak botatzea; dauden guneak beste modura batera pentsatuta gauza handiak egin daitezkeela esango nuke.
Eta gobernariek nola ikusten dute hau guztia?
Aurrez aipatu dizkizudan egitasmoetan Udalek ere parte hartzen dute. Gaur egun, uste dut denok ulertu dugula, eta baita agintariek ere, gure etorkizuna eratzeko tresnak, parte hartzaileak izan behar direla. Foru Aldundiak esateko, badu parte-hartzearekin lotutako sail bat eta dagoeneko ehunka proiektu lagundu dituena. Administrazioa guztiok garela sinetsi behar dugu eta horregatik ditugula eskubideak eta baita ardurak ere. Prozesu hori baina, laborategia da, hau da, ikasketa-prozesu bat.
Hala ere, gurasook ere txipa aldatu behar dugu.
Bai,hala da; parke egoki baten kontzeptua oso ezberdina da haur eta gurasoendako. Gaur egungo jolasparkeek kartzela txikien itxura daukate. Plano makro baten begiratuko bagenu, momentu honetan Mendebalde osoan, beldurpean bizi gara: beldur ekonomikoa, kaleak beldurgarriak dira, gauak beldurgarriak dira, etorkizuna ez dakigu nolakoa izango den... Beldurra barreiatzeko propaganda oso bat dagoela esango nuke; betidanik erabili izan da, beldurra, gizartearen kontrol tresna moduan. Nik uste dut kale bat edo plaza, umeentzat jolasgarri bihurtzen dugunean, toki hori, segurua dela. Guk kalean, edozein tokietan, jolasten genuen eta uste dut horrelako gauzak berreskuratu egin daitezkeela. Tonuccik sarritan aipatzen du jolas librearen garrantzia, inork ez lizuke jolasa kontrolatu behar, 0-6 urte bitarteko haurrek jolasaren bitartez ikasten dute.
Liburua irakurtzeko gomendioa egingo diguzu, beraz?
Bai,duda barik, gurasoentzako ere ikasgai ona izan daiteke. Mezu argia eta samur ulertzekoa du. Haurrentzako eta haurrekin, guztiontzako mesede, gizarte hobe bat egitea lor dezakegu.