Gazte mailako Gipuzkoako txapeldun zara, 4,40 metroko saltoarekin. Zorionak!
Eskerrik asko. Lehenengo bukatu nuen, baina hotz handia egiten zuen. Saltoka hasi orduko arratsalde erdia zen, eta tenperatu asko jaitsi zen. Eguraldiak lagundu ez zuen arren, salto ona egin nuen.
Aire zabaleko denboraldia oraintxe hasi duzue, eta badaukazu Mojategiko saltoa hobetzeko tartea.
Hori da asmoa. Uste dut badaukadala hobetzeko denbora. Eguraldi onarekin, askoz gehiago eta hobeto entrenatzen gara. Neguan euri asko egin du, eta otsailean eta martxoan ezin izan ditugu fundamentuzko entrenamendu saioak egin. Euria egiten zuenean, Ermuko pabiloi batera joaten ginen. Baina larregiko motza zen. Izan ere, zortzi pauso egiteko lekua zegoen, eta salto normal batean 12-14 egiten ditut.
Eta nola antolatu dituzue entrenamenduak?
Ahal izan dugun moduan. Gorputza indartzeko gimnasioko lana egin dut, baina, pertikarekin teknika lantzeko, ezinbestean saltoak egin behar dira. Hori falta izan zait neguan. Ea, bada, hemendik aurrera entrenamenduak berreskuratzen ditugun.
Udako denboraldiari begira zeintzuk dira zure erronkak?
Espainiako txapelketako marka badaukat. 3,95 da. Hori horrela, Munduko txapelketarako minimoa lortu gura dut. 4,70 metroko saltoa behar dut, eta hori lortzeko lan egingo dut. Lasterketa hobetzen badut, pertika gogorrago batekin, bada, minimoa lortzeko saiakera egingo dut.
30 zentrimetro gehiago behar dituzu. Asko da hori.
Bai, hala da. Gipuzkoako txapelketako saltoak baino 30 zentimetro gehiago, eta Euskadiko errekorra lortzeko balio egindakoak baino 20 zentimetro gehiago. Munduko txapelketa ekainean da. Badaukat denbora. Ez badut lortzen, hurrengo urteko junior mailako munduko txapelketarako saiatuko naiz.
Urte sasoiaren arabera, entrenamenduak aldatu egiten dituzue?
Ez. Eguaztenetan eta domeketan izan ezik, gainerako egun guztietan entrenatzen naiz. Realeko kide izan arren, zorionez, Mojategin egiten ditugu entrenamenduak.
Aire zabalean eta pista estalian dauden ezberdintasunak kanpoko faktoreak dira. Eguraldi kontuak. Aire zabalean haizea eta euria egin dezake. Horiek guztiek eragina dute saltoan.
Jonathan Perez da zure entrenatzailea. Maialen Ruiz de Azuarekin eta Malen Axperekin entrenatzen zara. Punta-puntako lau pertika-jauzilari herri berean.
Bitxia da. Elkarrekin entrenatzen gara guztiok. Jonathan atleta da eta horrek asko laguntzen digu. Badaki entrenamenduak antolatzen, motibazioa lantzen… Etekin handia ateratzen digu.
Pertika-jauzilari izan gura zenuen ala kasualitatez heldu zinen modalitate horretara?
Atletismo taldeko kide nintzen. Korrikako probak egiten nituen. Ezustean, pertika probatzeko aholkatu ninduten, eta hemen nago. 14 urterekin hasi nintzen pertika-jauziak egiten, eta 16 ditut. Bi urte besterik ez, baina oso gustura nago.
Neguko denboraldia bukatuta, ze balorazio egiten duzu?
Gogorra izan da. Lehen esandako moduan, entrenamendu asko egin behar izan ditugu Ermuan, eta horrek asko zaildu digu plangintza. Dena den, emaitza onak ere izan ditut. Ni neu gazte mailako Euskadiko errekorrarekin geratzen naiz. Egindako lanaren emaitza izan zen salto hura.
Espainiako txapelketan ez zuen zorterik izan.
Antequerako txapelketan laugarren geratu nintzen. 4,30 metrora arte, lasai ibili nintzen. Distantziak malgutasunez gainditu nituen. Bada, 4,40ko saltoa egiteko unean talonamendu arazoak izan nituen, eta jauzia egin aurretik pausoak gaizki eman nituen. Baliorik gabeko hiru salto egin nituen.
Noraino heldu gurako zenuke pertika-jauzilari moduan?
Gorengo mailara heldu gurako nuke, eta, ahal bada, Espainiako txapelketaren baten dominaren bat jantzi. Baina, auskalo!
-----------------
Dapena, Perezen begietatik
"Oso langilea da. Azkarra, eta duen pisurako oso indartsua. Isilean lan egiten duen horietakoa. Dena emateko gertu dagoena. Dena den, koordinazioa hobetu beharra dauka. Badauka hobetzeko denbora eta gogoa. Hurrengo urtean junior mailan egongo da. Maila horretako munduko txapelketarako 5 edo 5,05eko salto eskatuko diote. Aurten ez badu lortzen, hurrengoan izango du aukera. Ekaineko Munduko txapelketarako marka lortuko duen? Gai da 4,70 metro saltatzeko, baina oso zaila dela badaki. Etorkizunari begiratuta bilakaera ona izango du. Noraino helduko den? Akaso, 5,40tik gora. Baina horretan eragina dute ikasketek, lanak... Ikusiko dugu noraino heltzen den".