Noiztik eta nondik datorkizue kirol- zaletasuna?
Josu eta Iñaki: Txikitatik ibili izan gara errubera artean; 3 urterekin hartu genuen lehen bizikleta eta ez ditugu inoiz erruberak alde batera utzi.
Ze kirol praktikatzen dituzue? Eta zeintzuk modu profesionalean?
Iñaki: Gehienbat, motorrean ibiltzen naiz; gainera, aurten lehiatzen hasi naiz, Euskal Herriko txapelketan. Eskaladan urte dezente eman nituen, baina orain, motorrean zentratu eta alde batera utzi dut eskalada. Txikitan MTB bizikletan Euskadiko probak egiten nituen, baina aspalditik ez dut bizikletarik hartzen. Motorra da buruan daukadan kirola, aurtengo txapelketak direla-eta oso motibatuta nago.
Josu: Eskalada da momentuan buruan daukadan kirola. Urteak eman ditut eskaladako txapelketetan parte hartzen, baina orain, burua arrokan daukat. Neguan hasi nintzen entrenatzen eta poliki-poliki aurreraka noa. Bizikleta txapelketetan hainbat modalitatetako probetan parte hartu izan dut: BMXn, jaitsieran eta trialean. Orain, nire helburu nagusia eskaladan dudan maila hobetzea da.
Lorpen pertsonal nagusiak?
Iñaki: MTBko Gipuzkoako txapelduna izan nintzen eta eskaladan ere, askotan podiumetik gertu ibiltzen nintzen.
Josu: Duela urte batzuk, eskaladan boulder modalitatean ligako txapelduna izan nintzen, eta kirol honetan ere, Iñakirekin ibiltzen nintzen borrokan podiumera igotzeko Espainia mailan.
Zein txapelketatan gurako zenuke parte hartu?
Josu eta Iñaki: Motorrarekin Gordexolan (Bizkaia) egiten den zailtasun handiko Extrem karreran parte hartzea izango litzateke gure ametsa. Baina Euskadi mailan txapelketa guztiei ematen diegu garrantzia.
Kirol gogorrak dira? Zerk motibatzen zaituzte?
Josu eta Iñaki: Eskalada eta motorra askorik ezagutzen ez diren kirolak dira. Jendeak ez du uste gogorrak direnik, baina ordu asko behar dira buruan duzun hori lortzeko. Horregatik, ordu asko ematen ditugu astean zehar entrenatzen. Lagunok elkarren artean motibatzen gara, bata besteari adarra jota. Lagunekin disfrutatzeak motibatzen gaitu. Gainera kirola beti lagun artean egiten dugu. Inoiz ez bakarrik.
Bikiak zareten kontura hamaika anekdota izango dituzue, ziur asko, kontatzeko, ezta?
Josu eta Iñaki: Txikitan, gure aitak nahi barik klasez aldatu gintuen. Irakasleak ez ziren konturatu; klasekideak, berriz, bai. [Barre]. Eta, egia esan, bikiak garen kontura hamaika anekdota barregarri eta kurioso ditugu.
Ze alde on eta txar dauzka bikiak izateak?
Josu eta Iñaki: Gehienak abantailak dira. Egia esanda elkarri asko laguntzen diogu; motibatu, motorra kopondu... baina haserretuz gero, bronka onak egoten dira... [Barre].
Josu: Duela gutxi, Iñaki gaixorik zegoela, ni joan nintzen hura nintzela esaten motor txapelketa batera.
Ba al da konpartitzen ez duzuen ezer?
Josu eta Iñaki: Ez. [Barre]