Gaur erabakiko du KontseiluBerriak eman beharreko hurrengo pausoa

Leire Kortabarria 2013ko apirilaren 29a

Datorren martitzenean, maiatzak 7, egingo dute Fagor Etxetresnetako bazkideek aurtengo batzar orokorra. Badu berezitasunik oraingo batzarrak, izan ere, denboran bat egin du Fagorreko bazkide batzuen KontseiluBerria iniziatibarekin. Ahots Kooperatibista korronteko kideek eta beste bazkide batzuek osatu dute KontseiluBerria. Gaur, astelehena, bukatzen da gai-zerrendan aldaketak eskatzeko epea, eta beraz gaur argituko da ea KontseiluBerriak aurrera egiten duen bere asmoekin.

Sinadura-bilketa kanpaina hasi zuten, eta helburua zen norabide berri bat ematea kooperatibari. Hala, hasierako helburua zen maiatzaren 7ko batzar orokorreko gai-zerrendan puntu berezi bat sartzea: Kontseilu Errektore berri baten gaineko bozketa eskatzeko puntua, hain zuzen ere. Puntu hori sartzeko, gutxienez 305 sinadura behar zituen KontseiluBerriak, eta 400 baino gehiago batu dituztela esan zuten iniziatiba horretako kideek. Gaur, astelehena, bukatzen da batzarreko gai-zerrendan euren eskaera sartzeko epea eta, joan den egubakoitzean, KontseiluBerriako kideak eman beharreko hurrengo pausoa hausnartzen zebiltzan.

Onartutako gai-zerrendako puntuetako bat da Kontseilu Errektorea berritzea.

Uarkapen, goizean goizetik

Fagor Etxetresnen batzar orokorrera 3.000 lagun inguru daude deituta, izan ere, bazkide aktiboez, gaur egun bertan lanean dabiltzanez gain, bazkide ez aktiboak ere deituta daude, hau da, gaur egun lanean ez egon arren kapitala oraindik kooperatiban daukatenak. Arrasateko eta Basauriko bazkideak daude deituta. Jende asko batuko dela ziurtzat emanda, batzar orokorra Uarkape frontoian izango da, eta 09:30ean hasiko da; bigarren deialdia 10:00etarako da.

Gai-zerrendan, besteak beste, Fagor Etxetresnen iazko kontuen eta emaitzen berri ematea eta haiek onartzea dago, eta baita 2012ko Gestio Planaren gaineko akordioa eta 2013rako Gestio Plana onartzea ere.

Garbigailuak hemen uztea

KontseiluBerria iniziatiba sortu zenean, besteak beste, honako helburuak zituen: indarrean dagoen Industria Planaren ordez beste bat onartzea eta, horren arabera, "bailarako eta Basauriko lantegi guztiei eustea, ahalik eta langile gehienekin, eta Garagartzako lantegiko 6 kiloko garbigailuen ekoizpena Poloniara ez eroatea".

KontseiluBerriaren programa alternatiboak beste puntu hauek zituen:

  • Soldata murrizketarik ez egotea, eta horrela, joan den abenduaren 12ko Ezohiko Batzar Orokorrean onartutako 20 milioiko aportazioa ahalbidetzea kooperatibaren kapitalari. "Kapitalizazio hori mailaka izango litzateke, eta ez litzateke inoiz aparteko ordainsariaren erdia baino gehiago izan beharko", dio programak.
  • Kontseilu Errektore "gardenago eta parte-hartzaileagoa" eskatzen dute. Hori hala izan dadin, "behar diren neurri guztiak hartzea" proposatzen du programak. "Kudeaketa-eredu garden eta parte-hartzailea ezarri" nahi du programa alternatibo horrek, "edozein kasutan, Estatutu Sozialekin beteaz. Beste hitz batzuetan, kooperatibago izatea".
  • Kapital sozialari ekarpenak bueltatzea eskatu duten bazkideen kasuan, epeak errespetatzea. Era berean, borondatezko ekarpenak eta interesak bueltatzeko, afektatuekin adostutako plana egitea.
  • Aurten bertan Ekarpen Finantzario Subordinatuen portzentaje bat erostea proposatzen dute, horretarako "Fagorren ospea berreskuratzea eta kasu kritikoenak konpontzea" ahalbidetuz.

Zenbait komunikabidetan argitaratu zenaren arabera, Fagor Etxetresnen plan industriala "kontrako jarrera dezentearekin" onartu zen joan den abenduan, Ahots Kooperatibistaren esanetan. Zenbait komunikabideri esan diotenez, Brandt marka erosi eta Polonian erosketak egin ondoren enpresak agindutako "irabazi potoloak" ez dira hala izan: "Erabateko porrota" izan da.

Euren iritziz, plan industrial horrek "Fagor Etxetresnen jabegoa desagertzea" ekarri dezake, eta horrekin batera, "deskooperatibizazioa eta erabaki-gunea Euskaditik kanpora eramatea".

Gaineratzen dutenez, "bazkideek ez dute ondo ezagutzen plan industrial hori, azalpen nahikorik ez dagoelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak