Komiki gida, 100 gomendiorekin, aurkeztuko dute gaur bibliotekan

Jon Berezibar 2013ko apirilaren 26a

19:00etan Jokin Zaitegi aretoan izango da ekitaldia. Bilduman puntako 10 egileren gomendioak jaso dituzte. Aurkezpenean Altarriba eta Kim El arte de volar eleberri grafikoaren egileek solasaldia egingo dute.

Aurtengo komiki gida aurkeztuko du bibliotekak 19:00etan Jokin Zaitegi aretoan. Honekin, Liburuaren Egunaren harira antolatutako ekitaldiz jositako apirileko egitaraua itxiko dute. El arte de volar komikiaren egileak, Altarriba eta Kim, Kulturaten izango dira aurkezpenean.

100 komiki aukeran

Zinema, poesia ala bestelako generoen sustapenarekin bezala, iaztik komiki gida ere argitaratzen du Arrasateko bibliotekak. Hala, puntako hamar kolaboratzaileri euren 10 komikirik gustukoenak eskatu dizkiete eta gomendioekin gida osatu dute. Kolaboratzaile zerrendan Alfonso Zapico eta Santiago Valenzuela  Espainiako Komiki saridunak daude. Azken horrek, hain zuzen, komiki gidako azaleko ilustrazioa egin du. Gida horretan ez da faltako, noski, El arte de volar. Euskal komikiari dagokionez, ekoizpena apala bada ere, gidarako zenbait euskal autoreren gomendioak ere jaso dira.

Altarriba eta Kim

Arratsaldeko aurkezpen saio berezian zaleek aurrez aurre izango dituzte gaur Antonio Altarriba eta Kim egileak. Aukera egongo da lan txalotuaren pasadizo eta sorkuntza prozesuari buruzko xehetasunak jakiteko eta, azalpenak eman ahala, Kim ilustratzaileak marrazkiak egiten jardungo du. Saio honetara Bartzelonatik espresuki etorriko da marrazkilaria, gainera (Altarriba Gasteizen bizi da).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak