"Pazientzia handiko gizona zen, oso gertukoa. Galdera eta kexa guztiak entzuten zekien eta, batez ere, langile petoa zen. Asko eman zion auzoari. Auzotarrei eman beharreko erantzuna ona ez zenean errespetuz egiten zuen berba. Noski, haserretu ere egiten zen, baina salbuespena zen hori". Juan Antonio Barriocanal San Andresko alkate izandakoak –egun Auzoetako zinegotzia da Udalean– hitz horiekin gogoratu du Aitor Guridi.
Lana, pazientzia eta gertutasuna
Juncal Perezek ere harekin egin zuen lan: "Oso langilea zen. Alkatetzako zuzendaritzan batera egin genuen lan eta asko eman zion auzoari, nire ustez. San Andres eguneko azoka berreskuratzea eta Labeko Koba ezagutzera ematea izan dira haren ekarpenetako batzuk". Beste testigantza garrantzitsu bat ere jaso dugu; hainbat urtez udaltzainburua izan den Jose Luis Etxeberria Porru-k ere aspalditik ezagutzen zuen: "Lagunarteko harreman berezi bat izan genuen, oso harreman goxoa. Beti egon ginen elkarri laguntzeko gertu. Auzoaren alde lan handia egin zuen, isilean; kalean edozein arazo zegoela entzutean, automatikoki ematen zuen horren berri Udalean. Auzo alkate moduan lan hori ondo baino hobeto egiten zuen".
Auzoko eragile ezberdinak
Omenaldia antolatzea erabaki zutenean, auzoko eragile gehienek babestu zuten. Guridiren emaztea eta seme-alabak, Inazio Azkarragaurizar alkatea, Juan Antonio Barriocanal eta egun San Andresko alkatea den Jon Barriocanal daude gonbidatuta. Omenaldian aurreskua, bertsoak eta txistulariak izango dira, besteak beste.