Andoni Arando: "Diruak erabakiko du non jokatuko den igoera fasea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko apirilaren 25a

Ford Mugarrik hirugarren urtez lortu du Lehen Nazional mailarako igoera fasean egoteko txartela. Aurten ere Euskadiko txapeldunak izan dira eta dagoeneko lanean dabiltza hirugarrengo saiakeran helburua lortzeko. Aurreko bi urteetako esperientzia ikusita, arrasatearrek ondo baino hobeto dakite igoera fasea etxean jokatzeak asko laguntzen duela. Baina nola erabakitzen da non jokatzen den igoera fase hori?

Andoni Arando klubeko zuzendaritzako kideak argi eta garbi egin digu berba: "Diruak erabakiko du non jokatuko den igoera fasea. Espainiako Federazioari egin diogu gure eskaintza; kanpoan jokatzeak suposatzen dizkigun gastuen antzeko diru kopuru bat eskaini diegu. Orain itxaron egin behar dugu; apirilaren 29an edo 30ean egingo dute zozketa, nolabait deitzearren".

Datorren astearen hasieran jakingo dute, beraz, non eta noren kontra lehiatuko diren: "Federazioak esan ohi du txapeldunari lehentasuna ematen zaiola baina azkenean diru gehien jartzen duenari emango diote fasea antolatzeko ardura". Arandok ez digu esan nahi izan zenbat diru eskaini duten; iaz bigarren izan zen Elgoibarrek, adibidez, etxean jokatu zuen bere igoera fasea, 6.000 euro ordainduta.

Igo ezkero ere, dirua arazo

Igoera fasea Arrasaten jokatu behar bada, antolakuntza lan handia egin beharko dute; horregatik bigarren taldeak ez du kopa jokatuko: "Jende aldetik eskas gabiltza eta edozertarako dela ere laguntza oro ondo etorriko zaigu", esan digu Arandok. Era berean, igo ezkero ere dirua arazo iturri izango da: "Lehen Nazional mailako gastuak bikoiztu egiten dira bigarren mailakoekin alderatuta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak