Realak Mojategin hasiko du denboraldia, Mondraren kontra, uztailaren 5ean

Xabier Urtzelai 2013ko apirilaren 24a

Hilabete askoko hartu-emanen ostean, uztailaren 5ean etorriko da Reala Mojategira. Mondrako zuzendaritza irailetik dabil helburu hori lortzeko lanean, eta atzo, martitzena Jokin Aperribay presidenteaz elkartu ostean, lortu dute helburua: "Oso pozik itzuli ginen Donostian izandako batzarretik, konfirmatuta geratu delako uztailaren 5ean Reala Mojategin izango dugula", adierazi dio gaur, eguaztena, Fernando Laspiurrek Goienari.

"Ez genuen uste horrenbeste kostako zitzaigunik, pentsatzen genuelako Realak erdiko postuetan amaituko zuela denboraldia, eta sasoi honetarako lasaiago ibiliko zirela. Baina, Europan egoteko borrokan dabiltzanez zaildu egin da dena", argitu du.   

Real europarra, Arrasaten 

Hala, gauzak ondo bidean, Europan jokatuko duen Reala izango dugu uztailaren 5ean (egubakoitza) Arrasaten, eta hain zuzen, txuri-urdinendako denboraldi hasiera izango da: "Realekoek uztailaren 1ean hasiko dituzte entrenamenduak, eta handik egun gutxitara izango ditugu Mojategin. Mondrako jokalariak oporretan izango dira ordurako, baina asmoa da herriko jokalariek hainbat entrenamendu saio egitea partidu txukuna ikusi ahal izateko". Bi talde horien artean dagoen aldeaz galdetuta, Laspiurrek garbi dauka Realaren helburua ez dela sekulako errepasoa ematea, eta bai jai batean parte-hartzea: "Asmoa da arrasatearrak Mojategira gerturatzea. Oraindik ezin dugu partiduaren ordua zehaztu, baina 19:00ak inguruan izatea nahiko genuke, jendea denboraz ibil dadin"..  

Egitarau potoloa gertu 

Garbi dago Realaren bisita izango dela Mondraren 100. urteurreneko ekitaldi potoloa, baina ez da bakarra izango, ezta gutxiago ere (egunak zehaztea falta da). Esaterako, maiatzaren 16an Iñaki de Mujika irrati esataria izango da Kulturaten, hainbat jokalari ohirekin irratsaioa egiten. Horrekin batera, Mondrako beteranoen eta emakumezkoen lagunarteko torneoak ere prestatzen dabiltza, eta beste nobedade bat da San Juanetako danborradan Mondrak izango duen protagonismoa, taldekide izandakoek konpartsa osatuko dutelako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak