Maiatzaren 4ko Ttak Egunera deitu dituzte gazte arrasatearrak

Julen Iriondo 2013ko apirilaren 23a

AEDren gazte taldeak antolatuta txalaparta eta bertsoak, triki-olinpiada, afari herrikoia eta musika saioa izango dituzte, arratsaldean hasita. "Gazteen artean euskararen erabilera areagotzea" da helburu nagusietakoa.

Maiatzaren 4an ospatuko dute Ttak Eguna Arrasaten. Aurtengoa  bigarren aldia izango da eta aurreko urteko helburu berdinak dituztela azaldu dute AEDren gazte taldekoek festaren berri emateko egindako agerraldian: "Lehenengoa Ttak taldea ezagutzera ematea Arrasaten eta bigarrena Arrasateko gazteen artean euskararen erabilera areagotzea. Horretarako, garrantzitsua iruditzen zaigu euskararen aldeko jai erraldoi bat egitea".

Jaialdia 18:00etan hasiko da, txupinazoarekin, txalapartarekin eta bertsolariekin, Pablo Uranga kalean kokatutako Ttak plazan. Ondoren, triki-olinpiada ibiltariaren ordua izango da handik bertatik abiatuta. 21:00etan afari herrikoia egingo dute gaztetxean. Menua oilasko paella izango da, eta txartelak AEDn, Irati tabernan eta Ekaitz tabernan egongo dira salgai 5 €-tan, apirilaren 29ra arte. Jaialdiari amaiera emateko Dj Elvis Caino izango da gaztetxean.

AEDko gazte taldea da Ttak, hogei gaztez osatua. Partaideek 15 eta 17 urte bitartean dituzte eta egubakoitzero biltzen dira AEDko egoitzan ekintzak antolatzeko eta bestelakoetarako. Bestalde, euskal jaietan parte hartzen eta laguntzen dute eta txosna batzordeko kide dira. Azkenaldian, Ttak Egunean egingo duten elkartrukea antolatzen ibili dira: maiatzaren 4ko festa egunera Atarrabiako Karrikaluze elkarteko gazteak etorriko dira. "Horrela, Nafarroako egoera soziolinguistikoa ezagutzeko aukera izango dugu eta aldi berean beraiek gurea", adierazi dute Ttakeko kideek. Irailean bisita itzuliko diete arrasatearrek nafarrei, haien Euskaldun On deituriko astera joanda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak