Tolosa atletismo taldeko kide berria zaitugu. Aldaketa nabarmena.
Zortzi urte daramat korrika egiten. Urte batzuetan Oñatiko Antxintxiketan taldearekin ibili nintzen, baina aspaldian bakarrik ibili naiz. Orain, Tolosa taldeko kidea naiz.
Maila galdu berri duen punta-puntako taldea da Tolosakoa.
Atletismoaren lehenengo mailan egon den taldea da. Donostian jokatutako azken txapelketan ez genuen behar besteko punturik lortu, eta maila galdu dugu. Hurrengo denboraldian bigarren mailan egongo gara. Dena den, elkartearen asmoa da atleta indartsuekin taldea sendotzea.
Azken urte eta erdian egindako lanarengatik eta lortutako emaitzengatik fitxatu zaitu Tolosak.
Bai, hala da. 18 bat hilabete daramat maila onean. Lan handia egin dut eta orain hasi naiz emaitzak jasotzen. Tolosako taldeak bazuen nire lanaren berri, eta elkarren arteko lagun min bati esker fitxatu ninduten.
Ze onura izan ditzake talde bateko kide izateak?
Kasu honetan, asko. Tolosa atletismo taldeko kidea naiz, eta eurekin hainbat lasterketa egingo ditut. Bestelakoan, ez didate baldintzarik ipini. Neronek aukeratuko ditut lasterketak, eta entrenamenduak Arrasaten egin ahal izango ditut. Oraingoz, abantaila asko dituela esango nuke.
Zeintzuk dira lortutako emaitza aipagarrienak?
Ilusio berezia egin zidan Santamasetako krosa, etxean, Arrasaten irabazteak. Gainera, Lasarten eta Amurrion hirugarren bukatu nuen eta Gasteizko herri krosan laugarren izan nintzen. Orain dela bi aste bukaera Madrilgo maratoi erdian egon nintzen eta 41. lekuan heldu nintzen helmugara. Bestalde, aurreko astean, Donostian, hirugarrena izan nintzen.
Zortzi urtean korrika egin ondoren, orain hasi zara emaitzak jasotzen. Unerik onenean zaude?
Bai, duda barik, une gozoa bizi dut. Zortzi urtean egindako lanaren emaitzak orain agertu dira. Atletismoak bilakaera eskatzen du, eta nirea gertatu da.
Aurten, maila handiko korrikalariek parte hartzen duten lasterketen aldeko apustua egin dugu. Horietan podiumera igotzea bereziki baloratzen da. Zaila da 20.000 pertsonaren artean hirugarren edo laugarren lekuan sailkatzea. Gu bide horretan gabiltza lanean.
Bereziki azken bi urteetan izan duzun aldaketa horretan zeresan handia dauka Iker Sarabiak.
Bai. [Barre] Bi urte daramagu elkarrekin. Hark antolatzen dizkit entrenamendu saioak, eta izan dudan bilakaera ikusgarria izan da. Abiadura asko landu eta hobetu dugu. Gozamena da harekin lan egitea. Gainera, atleta moduan izan dudan bilakaera pertsona moduan ere izan dudala esango nuke.
Bereziki 10 kilometroko probetan parte hartzen duzu.
Distantzia horretan sentitzen naiz erosoen. Entrenamenduak distantzia horretara bideratzen ditut. Hala ere, Madrilgo maratoi erdian egindako lanarekin pozik nago. Baina 21 kilometroko probetan abiadura asko moteltzen da, halabeharrez, eta niretako abiadura hobetzea da inportanteena.
Badaukazu maratoietan edo pistan probatzeko gogorik?
Oraingoz, ez daukat maratoietan parte hartzeko asmorik. Entrenamenduak eginda fisikoki bukatzeko gai izango nintzatekeela uste dut, baina psikologikoki egon behar da indartsu halako probetan parte hartzeko. Akaso, urte batzuk barru probatuko dut, baina orain ez. Aldiz, pistan korritzea gustatzen zait. Oñatiko Antxintxiketan taldeko kide nintzela parte hartu nuen Gipuzkoako Txapelketan. 1.500 metroko proban laugarrena izan nintzen. Pistako probak erabiliko ditut abiadura hobetzeko.
Egunero entrenatzen zara?
Bai, egunero. Egiten duen eguraldia egiten duela, entrenatu beharra daukat. Elite mailan dauden atletekin lehiatu gura duenak eurek besteko entrenamendu saioak egin behar ditu. Agian, ez zara atletismoak emandakoarekin bizi izango, baina exijentzia maila berbera dago: elikadura zaindu beharra, parrandarik ez egitea...
Gustuko lekuan, aldaparik ez.
Bai. Zorionez, diziplinatua naiz, eta ondo bateratzen ditut lana, entrenamenduak, lagunak, etxekoak...
Begiz jota daukazu aurtengo Behobia-Donostia. Zergatik?
Azken bi urteotan denbora hobetu dut, eta, prestaketa sakonarekin, aurten, 1.05.00 egin ahal dudala uste dut. Madrilgo maratoi erdiaren profil antzekoa dauka Behobiak. Egia da, baita ere, ibilbidea oso konplikatua dela, baina prestaketa egokiarekin helburua betetzea espero dut.
Behobiako izen-emate epea aurreko astean zabaldu zuten.
Oraindik ez dute izenik eman, baina Behobiako irteeran egongo naiz, ziur.
Nola hartu duzu Bostongo maratoiko atentatua?
Irudiak gogoratuta, oilo-ipurdia ipintzen zait. Oso gogorra da. Ez dut ulertzen zer lortu gura duten halako ekintzekin.
Gainera, eztandak programatu zituenak bazekien noiz egin: helmugara korrikalari gehien heltzen ari ziren unean. Proba hasi eta lau ordura.
Bostongo maratoiaren ondotik egingo dituzte Madrilgoa eta Londreskoa. Segurtasun neurriak handitu egingo dituzte.
Irailaren 11ko atentatuek, kalte pertsonal eta material handia eragiteaz gain, psikosi izugarria eragin zuten: aireportuetan, ekitaldi inportanteak zeuden lekuetan... Bostongo atentatuek gauza bera eragingo dute. Antolatzaileak, korrikalariak, senitartekoak... guztiak egongo dira urduri, Madrilen eta Londresen. Ikusiko dugu zenbaterainoko eragina duen milaka korrikalari batzen dituen lasterketetan.