Lekukoek ez dute ordu zehatza gogoratzen baina harri pusketak zapatu arratsaldean erori ziren. Markiegiko dendakoek 18:30ak inguru udaltzainei abisua eman zieten. Patruila bat bertara joan eta gero, suhiltzaileei deitzea erabaki zuten. Hauek 3. solairuko balkoia aztertu ostean, zati solteak askatzeko, suhiltzaileek balkoia zulatu zuten. Lan horien ondorioz, plaza harri pusketaz bete zuten.
Suhiltzaileen lanek ez zuten egoera guztiz konpondu eta udaletik adierazi dutenez, gaur goizean ere, harriren bat jausi dela-eta, berriz ere Juan Carlos Guerra 1 eta 2 zenbakien artean babes perimetroa indartu dute.
Ez da bakarra izan
Erdiko kaleko 1 eta 5 zenbakien artean ere izan dira gaur goizean udaltzainak, bertako fatxadatik ere materiala jausten hasi zelako. Lehen orduan ingurune hori ere zintaz inguratu dute jendea babesteko, baina dagoeneko kalea normaltasunera bueltatu da.