Udaberri programaren barruan, Ozenki Elkarte Lirikoak eguenean gala lirikoa eskainiko du Amaia antzokian. Arratsaldeko zortzietan hasita, operazaleek zarzuelako eta operako abestiz eratutako egitarau zabala entzun eta gozatzeko aukera izango dute. Ozenki elkarteko kide Manu Gallardok argi dauka: "Eguenekoa hutsik ez egiteko moduko errezitaldia izango da". Kantaldian parte hartuko duten izenei erreparatuz gero, haren hitzak hobeto ulertzen dira.
Amaiako agertoki gainean Amparo Navarro eta Ana Cadaval sopranoak egongo dira eta Javier Agullo eta Andres Veramendi tenoreek abestuko dute. Haiekin batera Josean Gartzia baritonoak eta Goikobalu abesbatzak ere hartuko dute parte. Denak, Josean Gartziaren zuzendaritzapean.
Errezitalak opera eta zarzuela errepasatuko ditu. Besteak beste, Puccini, Verdi eta Sorozabal zarzuelagileen konposizioak entzungo dira. Gallardok azpimarratzen duen moduan, "gutxitan egon da horren errezital anitzaz gozatzeko aukera".
Sarreren salmenta
"Beti bezala", Gallardok dioenez, "Arrasatek erantzun ezin hobea izan du". Sarrerak salgai jarri zirenetik, antzokia oso bizkor betetzen joan da, baina oraindik sarrerak egon badaude. Hauek eskuratu nahi dituztenek, 15 euroren truke, antzokiko leihatilan, www.kutxasarrerak.net eta ozenkielkartea@hotmail.com helbidean lor ditzakete.