Elena Bartolozzi: "Nire ustez, medikuntza bat ez da beste baten ordezko, baizik eta bata bestearen osagarri"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko apirilaren 22a

Elena Bartolozzi (Birmingham 1965). Familia-mediku arrasatearra da, orain dela 15 urte Bartzelonan bizi den arren. Aromaterapian aditua da eta, besteak beste, terapiaren ezaugarriak, erabilpena eta dituen mugak azalduko ditu gaur, astelehena, Arrasateko Kulturateko areto nagusian, 19:00etan.

Zer da aromaterapia?

Gaixotasunak tratatu eta pertsonen zein animalien ongizatea hobetzeko helburuarekin, landare aromatikoetatik eratorritako esentzia-olioen erabilera da.

Aromaterapia eskola bi daude Europan: ingelesa eta frantsesa. Nik egindako ikasketak frantses eskolakoak dira, besteak beste, Dominique Baudoux eskarmentu handiko aromaterapeutarekin. Aromaterapia zientifikoko liburu gehienak frantsesez direnez, frantsesa ikasi nuen; besteak beste, Baudoxek Parisen ematen dituen ikastaroetara joateko bidea zabaldu zidan horrek.

Zertarako erabiltzen da?

Askotariko erabilpenak ditu; ezagunena kosmetikarena da. Niri bereziki osasun arlorako dituen onurak interesatzen zaizkit. Betidanik egon den beste erabilpen bat espirituala da; intsentsua esentzia-olioa da eta, gainera, gure gorputzeko defentsa naturalak pizteko efektua ere baduena.

Gaixotasun guztietarako ditu aromaterapiak onurak?

Patologia ia guztietarako balio du. Ez dugu, baina, beti sendatzeaz berba egiten; ezezagun samarra den arren, zaintza aringarrietarako ere aukera handiak ematen ditu. Horrez gainera, haurdunaldirako ere oso interesgarria da. Edozein giza-sufrimendu edo gaitzetan aurki genezake erabiltzeko aukera, mina arintzeko bada ere. Ez da panazea edo mirari-tratamendua, eskura dugun beste tresna bat gehiago da.

Nola eta zergatik hasi zinen zu aromaterapia erabiltzen?

Orain dela bost urte Fitoterapia ikasketak hasi nituen eta irakasle batek aromaterapiaz berba egin zidan orduan. Erabilpen pertsonal moduan iruditu zitzaidan hasiera batean interesgarri, ez nik eta ez nire lankideek ere ez genuen-eta terapia mota horren berririk. Gero, Bartzelonako Botikarien Eskolan ikastaro trinkoa egin nuen eta beste hainbat ikasketa monografiko egin nituen beranduago.

Familia-medikua zara; zuregana jotzen duten gaixoak aromaterapiarekin tratatzen dituzu?

Lehen mailako arretan, momentuz, zaila da haren erabilpena: hasteko, oraindik ez delako aski ezaguna eta, gainera, finantzatu gabeko tratamenduak direlako. Gaia ezagutzen dutenek zuzenean galdetzen didate. Nik nire gaixoekin egiten dudana zera da: dagokion botika errezetatu, eta, horrez gainera, esentzia-olioak ere eskaintzen dizkiet, horrela bakoitzak du sendagai bat edo bestea aukeratzeko aukera. Tratamendu biak bateragarriak izan daitezen saiatzen naiz beti, biak hartu gura izanez gero, aukera izan dezaten. Beste traba bat da beti ez dagoela botika-prestakin komertzialik erosteko modua eta farmazia guztietan ez dituztela horrelakoak egiten.

Terapia alternatibo horiekiko sinesgogor asko dago. Nola konbentzituko zenituzke?

Gaiarekiko ezjakintasun handia dago, gugandik, medikuengandik hasita, unibertsitateko medikuntza  ikasketetan ez dago fitoterapia eta aromaterapia ikasgairik-eta. Baina, adibidez, aspirina sahatsaren azaletik sintetizatu zela esanez gero, argi geratzen da sendabelarrak hor izan direla beti. Nire ustetan, ez dugu egoki erabiltzen alternatibo hitza. Kontua ez da medikuntza mota bat beste bategatik ordezkatzea. 20 urte daramat botikak errezetatzen eta horrela jarraituko dut; nire ustez, medikuntza bat ez da bestearen ordezko, baizik eta osagarri. Aromaterapiak eta fitoterapiak oinarri zientifikoa eta biokimikoa dute, eta menperatzeko modu bakarra horiek ikastean datza.

Edozein esentzia-olio erabiltzea gomendatuko diguzu? 

Oso garrantzitsua da kalitatezko olioak erabiltzea. Kalitatezko esentzia-olioek laborategi-azterketak jasotzen dituzte eta azterketa horiekin zehazten da daukaten osaera biokimikoa. Ezaugarri biokimiko horiek azaltzen dizkigute olio bakoitzaren argibideak, medikamentuen arteko interakzioak eta izan ditzakeen bigarren mailako ondorioak.

Nola segurtatu dezakegu hori?

Ontzian, landarearen gaineko informazio osatua egon behar da, besteak beste, landarearen latinezko izen botanikoa. Adibide batekin errez ulertuko duzue: dendara joan eta Jatorri naturaletik eratorritako Albaka jartzen badu, kontuz, ez dakigu-eta benetan zer erosten ari garen, kalitate onekoa izan daiteke edo ez; berriz, Ocimum basilicum ssp basilicum quimiotipo metilcavicol esentzia-olioa jartzen badu, horrek laborategian landutakoa dela adierazten digu, olioak bete beharreko funtzioa egokia izango dela bermatuz.

Nola erabiliko ditugu, bada, esentzia-olio horiek?

Tratatu behar dugun gaixotasunaren araberako olioen arteko konbinaketa egingo dugu. Tratamendu horretatik lortu gura dugunaren araberako dosia hartuko dugu. Hainbat modutan har daitezke: azalean igurtzita edo bestela ahotik sartuta, besteak beste.

Zenbateko kostea du?

Behar dugun esentzia-olioen araberako kostea du, hau da, olioa ateratzeko landare ugari badago eta landare-batze lanak errazak badira, olioaren prezioa baxuagoa izango da, landare arraro edo urriagoak direnetatik eratorritako olioekin alderatuz. Bi adibide emango dizkizuet: iltze-belarraren 10ml esentzia-olio, 5-6 eurotan eskuratu dezakegu, baina damascoko arrosaren 10ml, berriz, lasai asko, 130 euro ordainduta. 

Eta etxean egiteko aukerarik?

Aukera bat izan daiteke, badaude-eta familia-aromaterapia liburuak merkatuan. Etxeko botikinean lagungarri izan daitezkeen hainbat egin ditzakezue: zorriendako, erredurendako, hotzeriarendako, kolpeendako, ginekologia minendako...

Edozeinendako dira aproposa?

Duda barik; hori bai, medikuok dugun premisa bat primum non nocere da, hau da, lehenenengo, minik ez egitea. Honekin esan gura dut, helduokin lasaiago ibili gaitezkeen arren, haurrekin, haurdunekin edo gaixo larriekin kontu handiagoa izan behar dugula. Aipatutako kasuetan, badago tratamendua egiteko aukera baina bereziki ekoiztutako produktuekin. Beti ere mediku bati aurrez galdetzea komeniko litztateke.

Usain kontuekin gabiltzanez, bakoitzak usain batzuk botatzen ditu. Zergatik?

Organismoak sustantzia batzuk botatzen ditu, pixa, kaka edo izerdiaren bitartez. Usaia, zer jan edo edan dugunaren arabera aldatzen da eta baita bakoitzaren  joeragatik ere.

Izerdi usaina izateak sekulako lotsa ematen digu. Baduzu aholkurik?

Aurrez aipatu dizuedan Dominique Baudoxek honako formula proposatzen du Aromaterapia. El arte de curar con aceites esenciales liburuan: AE Palmarrosa (Cymbopogon martinii var. motia): bi tanta; AE Jara (Cistus ladaniferus QT alfa pineno): beste bi tanta; AE Geranio rosa  Egipto (Pelargonium asperum CV Egipto): bi tanta eta AE Salvia (Sclarea o Officinalis, biek balio dute): tanta bat. Aipatutako prestakinaren bi tanta tratatu nahi dugun atalean eman edo erabiltzen dugun desodorante edo kremarekin nahastuta bestela. Goizetan, eta behar izanez gero, gauetan ere emango genuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak