Kantu gregorianoek ireki zuten barikuan Arrasateko Udaberriko IX. Musikaldia

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko apirilaren 20a

Eguenean, berriz, gala lirikoa egongo da, zarzuela eta opera entzuteko aukerarekin

Kantu gregorianoek ireki dute Arrasateko Udaberriko IX. Musikaldia. Gasteizeko Schola Gregoriana Cantus Planus taldeak egin zuen emanaldia parrokian,  eta bertaratutakoek gustura entzun zituzten taldearen doinu sakroak, halakoak entzuteko aukera ez da maiz izaten-eta.

Bi meza abestu zituzten Antxon Leteren zuzendaritzapean. Lete eskarmentu handiko gizona da gregorinoari dagokionez: Montserrateko beneditarrekin eta Gasteizko apaiztegian ikasitakoa da eta 50 urte dihardu gregorianoaren tradizioari eusten. Taldea bera era luze ibilitakoa da eta hori nabaria izan zen kontzertuan. 

Eguenean gala lirikoa

Udaberri programaren baitan, gala lirikoa eskainiko du Ozenki elkarteak Amaia antzokian eguenean, hilak 25, 20:00etan. 

Opera eta zarzuelako abestiz osatutako errezitaldia izango da, eta izen handiko abeslariek hartuko dute parte. Hain zuzen, Amparo Navarro eta Ana Cadaval sopranoak eta Javier Agullo eta Andres Veramendi tenoreak igoko dira Amaiako eszenatokira. Horiekin batera, Josean Gartzia baritonoak eta Goikobalu abesbatzak ere hartu dute parte. Musika, berriz, Isabella Blezien Arrasateko Musikaleko irakasleak jarriko du pianoarekin.

Emanaldian barrena opera eta zarzuelako doinu ezagunak errepasatuko dituzte, Puccini, Verdi zein Sorozabalen konposizio ezagunak, hain zuzen ere.

Sarreren prezioa 15 eurokoa da eta kutxa.net-en zein Amaia antzokiko lehiatilan eskura daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak