Justizia soziala aldarrikatzeko, elkarretaratzeak Arrasaten

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko apirilaren 18a

Gaur egungo egoera sozio-ekonomikoa zein den ikusita, hainbat herritar elkartu dira egoera horren aurrean euren desadostasuna adierazteko, Arrasaten. Justizia soziala-ren lelopean, herritar gisa erantzutea da euren proposamena. Horretarako, hileko lehen eguenetan 19:00etan Portaloian ordu erdiz batuko dira; lehenengo elkarretaratzea maiatzaren 2an izango da.

Herritar talde bat direla azpimarratu du Ane Arregi herritarrak: "Ez gara plataforma bat, herritar talde bat baizik, denok batera erantzun beharraren sentipena dugu".

Lau aldarrikapen

Lau dira euren aldarrikapenak. Alde batetik, hauxe diote: "Krisi hau ez dugu guk sortu eta ez dugu guk ordainduko; politikari ustelak, bankuen egoera, etxe kaleratzeak... herritarron diruarekin jolasten dute". Bestetik, publikoa dena defendatzeko eskatzen dute; "hezkuntza sistema publikoa nahi dugu, osasun zerbitzu on eta publikoa, eta pentsio duinak" aldarrikatu dute. Eraso sozialei erantzuteko herritarrak batzeko deia ere luzatu dute eta gaineratu dute "denoi eragiten digula" lan munduan sartzeko arazoak, murrizketak, kaleratze libreak... Amaitzeko, babesleku soziala sortzeko aldarrikapena ere egin dute eta esan dute aurreko hiru aldarrikapenak batuta, derrigorrezkoa ikusten dutela "elkargune zabal bat sortzea gure aldarrikapenak bat egiteko eta guztion artean erasoen aurrean babeslekua eskaintzeko".

Elkarretaratzeak maiatzaren 2tik aurrera

Hala, esan dute elkarretaratzeak egingo dituztela hileko lehen eguenetan 19:00etan Portaloian ordu erdiz. Lehenengoa maiatzaren 2an izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak