Arrasateko Jardunaldi Feministak datoz, aurrekari izateko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko apirilaren 19a

Emakume Txokoak hamar urte bete dituela-eta Udaleko Berdintasun Sailak lehenengoz antolatu ditu Jardunaldi Feministak. Udalaz eta Emakume Txokoaz gain, lantalde berezi bat aritu da ekimena antolatzen.

Aurrekari izatera datoz. Izan ere, lehena izateaz gain, 70 bat emakume espero dira, Amets Beltran de Gebara Emakume Txokoko dinamizatzailearen arabera: "Oso pozik gaude izen-ematearekin. Arrasateko eta bailarako emakumeez gain, kanpotik ere etorriko da jendea". Besteak beste, Durangaldetik etorriko dira batzuk. Oraindik izena eman ez duten emakumeendako webgune berri bat sortu dute –www.jardunaldifeministak2013.com–. Bestela, ohi moduan Emakume txokoan edo 943 79 41 39 zenbakira deituta ere eman ahalko da izena. 

"Errekonozitu eta zabaldu"

Jardunaldien helburua argi eta garbi azaldu digu Beltran de Gebarak: "Batetik, feminismoak mugimendu moduan landu dituen teoria eta praktikak jaso, errekonozitu eta herrian zabaltzea gura dugu. Bestetik, herria bera astindu nahi dugu ikuspuntu feministatik, ezohikoa den formatu bat proposatuta". Horretarako egitarau zabala eta berezia antolatu dute; emakumeek egina, emakumeendako. Berdintasun Sailak 7.202 euro bideratu ditu jardunaldiok antolatzeko.

EGITARAUA

Gaur, hilak 19
18:30 Dokumental baten proiekzioa Kulturateko areto nagusian.     Gero, solasaldia.
Bihar, hilak 20
10:00 Harrera, Kulturateko areto nagusian.
10:30 Jardunaldien hasiera, bideo batekin.
10:45 Ponentzia. Gaia: Emakumeak eta boterea.  Hizlariak: Arantza Santesteban eta Larraitz Ugarte.
13:00 Bisita gidatua herriko kaleetan zehar, feminismoaren ikuspegitik.
14:00-15:30 Bazkaria Arrasateko gaztetxean.
15:30 Ponentzia. Izenburua: Pankertatik politika publikoetara! Hizlariak: Aurora Iturriotz, Joxepa Bornaetxea eta Marixe Noya.
17:30 Tailerrak.
 Nola kudeatu espazioak eta gizarte mugimendu ezberdinak feminismotik?
 Natura elementu eta parte-hartzearekin eraikitako sinbologia feminista.
 Irakurketak lantzeko erak.
 Komunikabideei begirada feminista bat.
22:00 Emakumeendako jai feminista gaztetxean, Belen Nevadoz, DJ batez eta musikariz lagunduta.

Jakitekoak
 Bat-bateko itzulpen zerbitzua egongo da, euskaratik gaztelerara.
 Prezioa: jardunaldietan bakarrik parte hartuz gero, bost euro. Gaztetxeko bazkarira ere joanez gero, hamar euro.
 Tailerretako adituak: Pili Alvarez, Amaia Gabilondo, Josune Muñoz eta Arantza Santesteban. Lauetako bat aukeratu behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak