Arrasate euskalduntzeko dinamika berrien bila

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko apirilaren 19a

Siadeco enpresak Arrasateko euskararen erabileraren gaineko ikerketa atera zuen; Arrasaten euskararen erabilera baldintzatzen duten faktoreen azterketa izenekoa.  Bada, txostena abiapuntu hartuta, AEDko zenbait bazkidek euskaraz bizitzeko egun dauden oztopoen gainean hausnarketa egin zuten. Ekintza talde horrek egindako gogoetak kontrastatzeko aurkezpena egin zuten martitzenean Kulturateko Loramendi gelan. 25 bat lagun elkartu ziren, eta AEDko Itxaro Artolaren arabera, ekarpenak denetarikoak izan ziren. Besteak beste, euskaldunok euskararekiko ditugun jarrera kaltegarri batzuk aipatu zituzten.

Jarrera kaltegarrien zerrenda luzea da oso, eta horiei guztiei aldi berean irtenbide bat ematea ezinezkoa denez, beste bilera bat egingo dute non eta nola eragin erabakitzeko: "Bilera hori izango da erabakigarriena. Orduan zehaztuko dira zeintzuk izan beharko liratekeen lehentasunak euskaldunok euskaraz ez egitearen jarrera hori aldatzeko". Dinamika berrietarako aukerak baloratuko dituzte, esaterako. Bilera hori apirilaren 25ean izango da, Kulturateko Loramendi gelan (18:30). Bigarren bilera ez da lehenengoaren jarraipena izango, antolatzaileek adierazi dutenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak