14 familia kaltetu Debagoienean

Goiatz Arana Begiristain 2013ko apirilaren 18a

Debagoieneko Stop Kaleratzeak plataformak deituta, hainbat lagunek agerraldia egin zuten atzo, eguaztena, Arrasateko Biteri plazan. Hipotekek Kaltetutako Plataformari (HKP) babesa emateko 'Udaberri Berdea' kanpainarekin bat egin, eta debagoiendarrei ekimenean parte hartzeko dei egin zieten, balkoietan, autoan, motoan, ume-aulkian... tela zati berdea erakusteko eskatuz. Bien bitartean, lanean jarraitzen dute kaltetu debagoiendarrekin.

HPKren izena zikintzeko eta herri ekimen legegilea –atzeraeraginarekin etxebizitza ordainean ematea, kaleratzeak atzeratzea eta alokairu sozialak– edukiz husteko ahaleginetan dabil PP, euren esanetan. Arrazoi horregatik egin dute bat Udaberri Berdea kanpainarekin. Eta PPk hasitako erasoa salatu dute: "Escrache-ak kriminalizatzeko estrategia, bankariek diktatutako lege baten bidez behartsuenak eskubiderik gabe bizitzera zigortzen dituzten bitartean".

Sinadura bilketa gaur Eskoriatzan

Udaberri Berdea kanpainarekin bat egin dute, eta Kreditua amaitzen ari zaizue izenekoarekin jarraitu egingo dutela jakinarazi; kanpaina horrekin kaleratzeen aurkako sinadurak batzen ari dira banketxeei aurkezteko. Kanpaina hau Arrasaten eta Bergaran egin dute, eta gaur, eguena, Eskoriatzara iritsiko da.

Gogora erazi dute Debagoieneko Stop Kaleratzeak plataformak positiboki baloratzen duela Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaia, legez kanpokotzat jotzen dituelako Espainian aplikatzen diren exekuzio hipotekarioen prozedurak. 

14 kasu Debagoienean

Eta bien bitartean, eskualdeko kaltetuekin lanean jarraitzen dute plataformako kideek. 

Gaur egun, 14 kasu daude Debagoienean: bost Arrasaten, lau Bergaran, hiru Oñatin eta bi Eskoriatzan. Guztiak, Kutxabankekin, Euskadiko Kutxarekin, Bankinterrekin, Caja Ruralekin eta La Caixarekin. 

"Horien artean, banketxeen aldetik iruzur eta abusu kasu argiak izan dira, kaltetutakoak desabantailan eta babesik gabe zeudelako hipotekak sinatu zituztenean", nabarmendu dute.

Laguntza eskaera udalei

"Oso kasu konplexuak" direla esan, eta kaltetuei babesa emateko eskatu diete erakundeei: "Dei egiten diegu Debagoieneko udalei gure plataformarekin elkarlanean aritzera bere garaian aurkeztutako, eta onartzea espero ditugun, hitzarmenen bidez".

Bide batez, mezua helarazi diete herritarrei eta, zehazki, kaltetuei: "Gogorarazi gura diegu ez direla beraien egoeraren errudun, baizik eta finantza genozidioaren biktima; eta ez izateko zalantzarik, guregana hurbiltzeko eta laguntza edo aholkularitza eskatzeko".

Kaltetuei gomendatu diete hipoteka ordaintzeko zailtasunak hasitakoan jotzeko eurengana, "hasieratik landutako prozeduretan emaitza hobeak lortzen" direlako.

Plataforman laguntzeko gertu dauden pertsonak eurengana hurbiltzera gonbidatu dituzte, eta dei egin diete bereziki zuzenbidean edo ekonomian dituzten ezagutzengatik laguntza eman dezaten guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak