Edorta Arana: "EITBren eredu dikotomikoa aldatu egin behar da, gaina jo du-eta"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko apirilaren 19a

Edorta Arana (Arrasate, 1960) EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate saileko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Goienako Errektore Kontseiluko kide eta, era berean, EITBko Administrazio Kontseiluko kide ere bada.

Kazetaria, besteak beste, ETBn jardun zuen beronen sorrerako urteetan; Goiena Telebistan ere aritua da eta Goienako hedabideetako ohiko kolaboratzailea da. EITB, euskarazko hedabide lokalak eta gaur egungo kazetaritza izan dugu berbeta gai.

EHUko kazetaritza fakultatea sortu berritan ikasi zenuen Leioan eta ETBren sorreran aritu zinen. Bistan da, bai kazetaritza, bai hedabideak eta baita ETB bera ere, asko aldatu direla azkeneko 30 urteotan. Gauza asko aldatu dira, baina aldaketa, bereziki eta batez ere, zertan eman da?
Asko aldatu da egoera, bai. 1977an hasi nintzen eta Leioan kazetaritza hasi eta bukatu zuen lehen belaunaldikoa naiz. Bestalde, ETBren sorreran hasi eta 7 urte egin nituen bertan. Bi aldetik ikusten dut aldea. Batetik, eta irakasle naizen aldetik, ikusten dut ikasleak, etorkizuneko kazetariak, gaur egun, ez direla horren idealistak edo bokaziozkoak, gu ginen moduan, praktikoagoak direla. Bestetik, oso ondo prestatuak datoz, lanerako sarbidea izango den karrera bat ikastera.

Aurrerapen teknologikoez gain, euskararen aldetik ere jauzia handia da, ezta?
Bai, guk dena egin genuen gaztelaniaz eta gaur egun euskaraz egin dezakete ikasketa guztia.

Kanpora begira, hedabideetan-eta, non sumatzen duzu aldaketa nagusia?
Hedabideekiko pertzepzio soziala batez ere. Lehen, hedabideek egia esan behar zutela eta horretarako zeudela barneratuta zeukan jendarteak: errealitatearen notario lanak egiteko zeudela, alegia. Gaur egun, denok gara jakitun hedabideen mendekotasun harremanez. Botere politiko eta ekonomikoekiko. Eta, ondorioz, adierazpen askatasunaren, pluraltasunaren edo zerbitzu publikoaren zentzu hori galdu egin dute apur bat hedabideek. Gaur egun ikusten dugu hainbat hedabide, publizitate agentzia edota finantza erakunde txapel berekoak, jabe berekoak, direla. Kontzentrazio horizontal handia ekarri du. Horrek dakar hedabideen zerbitzu publikoaren beharra.

Izan jabetza publikokoak edo pribatukoak?
Bai, bai. Zeregin publikoak ari naiz. Publikoak, pribatuak eta erdian, euskararen alde sortu diren euskarazko hedabideak, Goiena modukoak, esaterako. Hiru horiekin artikulatu beharko litzateke funtzioen araberako mapa komunikatiboa. Horixe falta da Euskal Herrian.

Ikuspegi hori badute hedabideetako buruek edo agintari politikoek?
Faltan sumatzen dut. Herri ikuspegia falta da, batik bat agintari politikoen eskutik. Oso urrats txikiak ematen dituzte, epe laburreko ikuskera dute. Errentagarritasun politiko eta elektorala lortu guran, eskura dituzten hedabideak erabiltzen dituzte eta euren esku ez daudenak txuliatzen ahalegintzen dira.

EITBko Administrazio Kontseilu berriko kide zara otsailaz geroztik. Uste duzu Ramon Zallok dioen moduan, EITBko Administrazio Kontseiluak profil politikorik ez duela izan behar eta botere handiagoa behar duela gaur egun duena baino?
Ados nago planteamendu horrekin. Izan ere, erakundeetan agintean daudenen eragin zuzena dauka EITBk. Jaurlaritzak proposatzen du, esaterako, zuzendari nagusia, Legebiltzarraren bedeinkapenekin. Eta, bestalde, Administrazio Kontseilua osatzen duten 19 kideetatik, gehienak dira legebiltzarkideak edo legebiltzarkide ohiak. Administrazio Kontseiluak ez dauka zertan izan 19 kidez osatua eta ezta aginte politikoak izendatutakoa ere.

EITB taldeak bilakaera logikoa izan du azkeneko 30 urteotan?
Duela 30 urte espero genuen urte batzuetara euskararen erreferentzialtasuna handiagoa izango zela hedabideetan. ETBko hasierako audientzia datuek erakusten zuten amaierarik ez zeukan gorako joera. Astiro baina gora zihoan ETB euskarazkoa. Baina ETB1 eta ETB2ren arteko jarrera dikotomikoa eman zenean gertatu zen aldaketa. Euskarazkoan, kirola eta umeak eta, gaztelaniazkoan, jendarte osoarendako informazioa, iritzia… Eredu dikotomiko horrekin ez da lortu euskarak presentzia mediatiko sendoa edukitzea. Izan ere, umeak, gazte eta heldu izatera iristen direnean, ETB1ekin ez dute nahikoa.

Eredua dago krisian, hortaz?
Bai, eredu dikotomiko horrek gaina jo du. Eta uste dut, halere, halakoetan gertatu ohi den moduan, krisi ekonomikoa aukera dela EITBren eredua aldatzeko eta zeregina eta ardura ez da EITBren agintariena edo Jaurlaritzarena edo Legebiltzarrarena, jendarte osoarena baizik. Krisiak ekarriko ditu murrizketak, baina eredua da aldatu beharrekoa. Dirua zertan eta zertarako erabili behar dugu? Gaur egungoari eusteko ez behinik behin. Besteak beste, egoera mediatikoa EITB sortu zenekoaren oso bestelakoa delako.

Ados zaude Josu Amezaga zure lankideak dioenarekin, alegia, ETB2 dela gaur egun ETB1en arazo nagusia?
Bai. Amezagak, esaldi horrekin, eztabaida xaxatu gura du eta lortu duela uste dut. Amezagak dio: aldatu da jendartea, hedabideak, euskararen ezagutza, ez horrenbeste euskararen erabilera…, eredu dikotomikoak ez dugu balio helburuetarako. Jendartearen parte hartzerako eta euskararen normalizaziorako ez da baliagarria eredu dikotomikoa.

Kudeaketa, audientziak…, horiei ere kasu egin beharko diote EITBko buruek.
Bai, baina zer da kudeaketa ona? Lortu nahi diren helburuetarako eztabaida ondo kudeatzea da orain garrantzitsuena eta eztabaida modu irekian planteatzea. Helburuak lortzeko, alderdi politikoek, erakundeek, unibertsitateak, jendarteak…, eztabaidatzea da inportanteagoa, bakarrik dirua kudeatzea baino.

Eta zein da, bada, eredua?
ETB2ren audientzia aztertuz gero, erdia gutxienez elebiduna da. Eta euskararen erabilerarako oso garrantzitsua diren ume eta gazteak daude. Eta horiendako ETB1ek ez dauka programazio propiorik.

Maite Iturbe EITBren zuzendari nagusi berriak esan du ETB1 indartu nahi duela…
Hiru planotan jardun beharko luke EITBko zuzendaritzak, nire ustez. Lehena, egunerokoari lotua: programa hau ipini, beste hau, audientzia datuak… Programatzaileen zeregina da. Aldakorra da, unean unekoa. Bigarrena da telebista kanalen definizioa: ETB1, ETB2, irratiak, eitb.com… Ze helburu daukan bakoitzak. Eta, hirugarren planoa da helburu orokorra zen den. Uste dut eztabaida, une honetan, egon behar dela azken honetan, etorkizuneko helburuen definizioan.

Euskarazko telebista lokalek eta EITBk elkarrekin jardun beharko lukete? Zertarako eta zertan?
Jakin aldizkariaren azkeneko zenbakian Jon Sarasuak idatzitakoarekin ados nago. Herri ikuskera behar dugu. Hedabideak egituratu behar dira maila geografiko handitik txikiraino: Euskal Herri mailakoak, lurralde mailakoak eta herri mailakoak. Bakoitzaren lekua eta zereginak definitu behar da. Euskararen ikuspegitik ez dira kontrajarriak, edukiak batetik bestera eroan daitezkeelako eta telebistaren kontsumoa, geroago eta gehiago, saretik egiten delako. Beharrezkoak dira edukiak eta hortik bidera daitezke batera edo bestera, ETBra edo Goienara. Eta edukiak sortzeko elkarlana behar da. Bi ENG bidali behar ditugu albisteak sortzera? Ez dut ikusten lehiarik, kontrakoa, edukiak sortzeko elkarlan bideak bultzatu behar dira. Merkatuan kokatzea eta jendearen gustu eta beharrei erantzuten jakin, Horixe da gakoa.

EITBk atzera egin du Surioren agintaldian? Zergatik?
Momentu politiko konkretuko agintaldia da, ze korronte politiko bat erakundeetatik kanpo egotetik sortutako gobernuaren ondorio da Surioren agintaldia. Horrek ekarri zuen deslegitimazio soziala EITBrekiko. Bestetik itzalaldi analogikoa ere gertatu da, eta baita krisia. Eta, bestalde, EITBren erabilera politikoa inoiz baino agerikoagoa izan da Surioren garaian. Horrek ekarri zuen askok bizkar ematea EITBri ez zuelako bere moduan sentitzen. Gero, harrokeria puntu batekin ere sartu zirela esango nuke Surio eta bere taldea. Sartu ziren esaten: "Hau ez da gure etxea, baina menderatuko ditugu". Lan dinamikak modu zakarrean inposatzen sartu ziren. Orain, zuzendaritza berriarekin, berreskuratu nahi dira barruko profesionalak eta hori ona da, baina horrek eskatzen du beste mekanismo batzuk aktibatzea, hedabide publiko, sendo, profesional eta hobea egiteko.

Zein izan daiteke zure ekarpena EITBren Administrazio Kontseiluan?
Esperantza daukat jendartean eman behar den eztabaidan Administrazio Kontseilua eragile aktibo izatea eta gainerako eragileak artikulatu eta dinamizatuko duela. Eta, era berean, orain arteko eredu agortuari aterabidea aurkituko diogula. Bestalde, Goienako Erretore Kontseiluko kide izateak irudikatzen du garrantzitsu eta onuragarria dela lotura bat egotea eragin eremu desberdinean mugitzen diren hedabideen artean.

Zela ikusten duzu Goiena kazetaritza eredu ohikoaren krisiaren eta krisi ekonomikoaren aurrean?
Bere garaian Arrasate Press eta gaur egun Goiena eredugarriak izan dira beren eragin eremuetan aplikatu nahi izan dutenendako. Egia da Arsasate Press-en kasuan edo herri aldizkarien kasuan, agerikoagoa dela eredugarritasuna, samurragoa izan delako eredua edo protokoloa aplikatzea. Multimedia talde mediatikoetan ez da horren erraza aplikatzea. Baina, Goienaren ereduak balio du enpresa moduan. Bestetik, ikuspegi multimedia ere orokortuaz doa. Transmedia edo multimediaren aplikazio eredugarria da Danbaka, non edukia planifikatu zen ikuspegi multimedia edo transmediarekin.

EITBk bere tamaina egokitu beharko luke egoera berrira?
Murrizketak egongo dira. Hori aitortu du zuzendaritza berriak. Ez, akaso, EITBko lan taldean, baina eragina izango du EITBren inguruan eta EITBrendako zuzenean lan egiten dutenengan. Eta EITBko profesionalek multimedia ikuspuntua garatu beharko dute. Edukiak harako eta honako landu, barrera dikotomikoak alde batzera utzita. Horrek tentsioak sortuko ditu seguruen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak