Aurten ere bretoiak gurean

Jone Albeniz 2013ko apirilaren 16a

Azken urteetan bezala, aurten ere bretoiak etorri dira Arrasatera ikasle-trukea dela-eta. 13. aldia da aurtengoa: martxoan Arizmendiko ikasleak joan ziren Bretainiara eta orain bueltan etorri dira Bretainiako ikasleak gurera. Aste betez egongo dira Arrasaten eta, hizkuntza desberdinak praktikatzeaz gain, inguruak ezagutzeko aukera izango dute hainbat irteera eta ekintzen bitartez.

Bretainiako Quimper eta Vannes hirietako Diwan eskoletatik, bretainieraz irakasten duten eskoletatik datoz. Aurtengoan Bretainiatik 3.DBHko 40 ikasle etorri dira eta guztira 75 laguneko taldea osatu dute Arizmendiko Almen eta Gaztelupeko ikasleekin batera. Astebeteko estantzia egingo dute gurean: autobusez iritsi ziren atzo, astelehena, eta igandera arte inguruotan ibiliko dira. Besteak beste, Donostia, Gernika, Bilbo eta Añana bisitatuko dituzte.

Ikasle-truke honen helburua, hizkuntzak praktikan jartzeaz gain, harremanak sustatzea ere bada. Arizmendiko frantseseko ikasleak eta Vannes eta Quimperreko gaztelania ikasten duten ikasleak dira elkar-trukea egin dutenak. 

Ikasleak oso pozik

Arizmediko Gaztelupeko ingeles eta frantseseko irakasle Ana Aranzabalek zera esan digu: "Ikasleak oso gustura egoten dira, gainera ez da bakarrik hizkuntzak praktikatzeko irteera bat, harremanak egiteko, bizimodu desberdinak ikusteko eta bidaiatzeko modu paregabea da hau".

Annaëlle Le Goff, Vanneseko ikastetxeko gaztelaniako irakaslearen eskutik ere balorazio oso positiboa jaso dugu: "Bai, ikasleak oso pozik etortzen dira hona, harreman oso ona egin dute. Bestalde, Bretainiako ingurua oso laua da eta ez zuten espero hemen dagoen erliebe eta mendiekin topo egitea, asko gustatu zaie".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak