Kepa Ormaetxea: "Politikari edo zinegotzi baino gehiago, nire burua Euskal Herriko borrokalari moduan ikusten dut"

Imanol Gallego 2013ko api. 18a, 02:00

Elkarrizketa hasi aurretik Kepa Ormaetxea hizketan hasi da. Hamaika kontu gordetzen ditu eta kontu bakoitzean, beste 11 istorio. Txantxa eta barre artean dio: "Nire bizitzarekin Spielbergek film polita egingo luke". Kontatutakoak entzun ostean, Spielbergek berak ere arazoak izango lituzke guztiak pantaila handira eramateko. Barre artean gogoratzen baditu ere, argi dauka zinegotzi izateko urte latzak izan zirela 80ko hamarkadako lehenak. 

1979. urtean Udalera iristean, nolakoa zen Arrasate?

Oso herri ezberdina zen, Arrasatek gabezia ugari zituen. Egia da aurreko legealdian Jose Antonio Altuna Txatillo-k zenbait hobekuntza egin zituela; besteak beste, kiroldegia eraiki zuen. Hala ere, gabeziak ugariak eta sakonak ziren. Kontuan izan garai hartan auzoak, adibidez, alde batera utzita zeudela.

Herria eratzeko egongo zen, baina zuek ez zineten askoz lehenago elkartu.

Arrazoi duzu, udal hauteskundeak baino urte bat lehenago eratu genuen Herri Batasuna. Arrasaten, ESB eta HASIren bateraketatik sortu genuen.

Egungo udalbatza kontuan izanda, arraroa dirudi. Baina lehen urte haietan HB ez zen Udaleko talde garrantzitsuena.

1979. urte hartan 4 zinegotzi lortu genituen neurrian, EAJk 11 zituen. Baina gogotsu eutsi genion oposizioko lanari. 

Ez zen lan erraza izango. 

Bueno, ez pentsa. Guk argi genuen zeren alde eta zeren kontra geunden eta horrek asko laguntzen zigun. Gogoan daukat tasen kontu batekin osoko bilkura luzea izan genuela. EAJ tasa bakarraren aldekoa zen, eta, gure ustez, tasa soldata aberastasunaren arabera aldatu beharreko zerbait zen. Alderdi bakoitzak bere idealak oso agerian zituen eta horien arabera egiten zuen lan. 

Garai hartan Arrasateko alkatea zen arren, urteek aurrera egin zuten heinean Jose Antonio Ardantza lehendakari izatera iritsi zen. Espero zenuen?

Egia esateko, ez. [Barre] Garai hartan Garaikoetxearen eta Arzallusen arteko tirabirek gora egin zuten, eta gero ikusi zer gertatu den. Ardantza alderdiko gizona zen eta horregatik aukeratu zuen EAJk bere lehendakarigai bezala. Urte ugari pasa ostean, entzun dut Ardantzarentzako Arrasaten alkate moduan igaro zituen urteak bere bizitza politikoko gogorrenak izan zirela. 

Onartuko duzu zu zinegotzi izan zinen urteak ez zirela politika egiteko urterik erosoenak izan. 

Ez ziren urte errazak izan, ez. Baina denontzako, edozein alderditako jendea hiltzen zuten. ETA, Batallon Vasco Español...  Gogoan daukat Arrasateko HBkozinegotzi batek akta utzi zuela Donostian izandako kide baten erailketaren ostean.

Erailketa haien ostean zein zen Arrasateren erantzuna?

Adibide bat jarriko dut. Enrique Gomez Korta ETAko militantea zen eta Baionan hil zuten. San Juan jaiak ziren eta segituan manifetazio bat antolatu genuen. Erdigunetik irten eta egun zezen-plaza jartzen duten tokian zegoen Guardia Zibilaren kuartelerako norabidea hartu genuen. Garibaiko semaforoen inguruan geundela, kuarteletik zenbat guardia zibil irten eta tiroka hasi ziren. Ondoan neukan bat zauritu egin zuten eta beste bati, zorionez, kamiseta besterik ez zioten zulatu.

Benetako tiroak ziren?

Bai. Manifestazioak norabidea aldatu zuen bitartean, ni udaletxera joan nintzen. Han Ardantza zegoen; gertatukoari buruz zerbait egiteko eskatu aurretik, guardia zibilak agertu (etxeko zapatilatan, edozein modutan jatzita) eta herrian zehar egindako barrikadak ikuskatzera eraman zuten. Bertatik zurbil bueltatu zen.

Horrenbeste aldarrikapen ekitaldiren artean, garrantzitsuena Txomin Iturberen heriotzaren ostekoa?

Dudarik gabe, Arrasatek izan zuen erantzuna ikaragarria izan zen. Kolore politiko ezberdineko jendeak Biteri plaza bete zuen. Inflexio-puntua izan zen.

Kontakizun hauen ostean, zure ibilbidea ez da oso politikoa izan?

Ni ez naiz inoiz politikaria izan, nire burua Euskal Herriko borrokolari bezala ikusten dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak