"Ez da erakunde instituzional bat, baizik eta emakumeendako zerbitzu herrikoi bat. Urrats hori ematea oso garrantzitsua izan zen guretako", dio Maider Morras Berdintasun zinegotziak.
Emakume Txokoa erreferente bihurtu da, milaka emakume pasatu dira bertatik azken hamar urteotan: "Urtero, gutxi gorabehera, 250 emakume etortzen dira tailer, ikastaro eta bestelako zerbitzuak jasotzera. Horrek indarra ematen digu bide beretik jarraitzeko", dio Morrasek. Zoritxarrez, hasierako helburu guztiak ez dira bete, eta erronkak hamaika dira oraindik. Horiek jorratzen jarraitu eta urteurren berezia ospatzeko zer hobeto Jardunaldi Feminista batzuk antolatzea baino. Emakume Txokoko kideez gain, lantalde berezi bat aritu da jardunaldiok lotzen. Emakume Txokoaren irudia ere berritu dute, besteak beste.
"Errekonozitu eta zabaldu"
Jardunaldien helburua argi eta garbi azaldu digu Amets Beltran de Gebara Emakume Txokoko dinamizatzaileak: "Batetik, feminismoak mugimendu moduan landu dituen teoria eta praktikak jaso, errekonozitu eta herrian zabaltzea gura dugu. Bestetik, herria bera astindu nahi dugu ikuspuntu feministatik, ez ohikoa den formatu bat proposatuz". Horretarako egitarau zabala eta berezia antolatu dute; emakumeek egina, emakumeendako. Jardunaldiak hilaren 19an hasiko dira dokumental baten proiekzioarekin. Dokumental horretan martxa diren prozesu ezberdinak ezagutuko dituzte eta ondoren solasaldia txiki bat egingo dute. Hala ere, hilaren 20a izango da egun handia. Harrera egin ostean, bideo batekin emango zaio hasiera egitarauari: "Emakume Txokoan azken hamar urteotan egosi den hori azaltzeko zertzelada batzuk ikusi ahalko dira", dio Beltran de Gebarak. Gero lehen ponentzia egingo dute. Arantza Santestebani eta Larraitz Ugarteri honako galdera luzatuko diote antolatzaileek: Emakumeak botere organoetan egoteak, emakumeen eskubideen eta feminismoaren zabalkundean aurrerapausoak ematea dakar? Bi ordu iraungo du saioak. Gero bisita gidatua egingo dute emakumearen borrokarekin zerikusia duen herriko zenbait txoko bisitatuz edo horiek aipatuz. Bisita Maisu Arano kalean amaituko dute, kaleari izena aldatu eta Felix Arano eta Teresa Gartzia maisu-maistrak izena jartzeko. Gaztetxean bazkalduko dute eta arratsaldean beste ponentzia bat eta lau tailer ezberdin izango dira aukeran. Azkenik, emakumeendako jai feminista batekin amaituko dute eguna.
Aurrez izena ematea komeni da
Izena emateko webgune berri bat sortu dute –www.jardunaldifeministak2013.com– Bestela, ohi moduan Emakume txokoan edo 943 79 41 39 zenbakira deituta ere eman ahalko da izena.
-----------------
Jardunaldi Feministak
Hilak 19, zapatua 18:30 Dokumental baten proiekzioa Kulturateko areto nagusian. Gero, solasaldia. Hilak 20, domeka 10:00 Harrera, Kulturateko areto nagusian. 10:30 Jardunaldien hasiera, bideo batekin. 10:45 Ponentzia. Gaia: Emakumeak eta boterea. Hizlariak: Arantza Santesteban eta Larraitz Ugarte. 13:00 Bisita gidatua herriko kaleetan zehar, feminismoaren ikuspegitik. 14:00-15:30 Bazkaria Arrasateko gaztetxean. 15:30 Ponentzia. Izenburua: Pankertatik politika publikoetara! Hizlariak: Aurora Iturriotz, Joxepa Bornaetxea eta Marixe Noya. 17:30 Tailerrak. Nola kudeatu espazioak eta gizarte mugimendu ezberdinak feminismotik? Natura elementu eta parte-hartzearekin eraikitako sinbologia feminista. Irakurketak lantzeko erak. Komunikabideei begirada feminista bat. 22:00 Emakumeendako jai feminista gaztetxean, Belen Nevadoz, DJ batez eta musikariz lagunduta. -----------------
Jakitekoak -Bat-bateko itzulpen zerbitzua egongo da, euskaratik gaztelerara. -Prezioa: jardunaldiak bost euro eta bazkarira ere joanez gero, hamar euro. -Tailerretako adituak: Pili Alvarez, Amaia Gabilondo, Josune Muñoz eta Arantza Santesteban.