Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak azpimarratu duenez, "testuinguru ekonomiko konplikatuan" ekin zion jarduera bateratuari, eta hala ere "solbentzia maila handiarekin, berankortasun maila kontrolatuarekin eta likidezia onarekin" bukatu zuen 2012a. Horrez gain, irabazi jarraituak sortzeko gaitasuna duela konfirmatu egin du entitateak.
%86,9ko gordailu-ratioa
Euskadiko Kutxa eta Ipar Kutxa fusionatu zirenean, etorkizunera "kontu handiz" begira, probisio-plan "ezohikoa eta exijentzia handikoa" egin zuten, 982 milioi euroko probisioa eginez, emaitzen eta diru-erreserben kargura.
Solbentziari dagokionez, 2012 bukatutakoan, kreditu kooperatibaren ratioa % 11koa zen –2013ko urtarrilaren 1ean, banku eta kreditu entitateei % 9ko kapital nagusia eskatzen zitzaien. Kapital nagusiak erakunde baten patrimonioa adierazten du.
Ipar Kutxa eta Euskadiko Kutxa "erabat solbenteak" ziren fusioari ekin ziotenean, eta dotazio-plana egin zuten berehala. Horri esker, "sektoreko solbentzia-ratio onenetarikoa" lortu dutela esan du erakundeak.
Likidezia aldetik ere "eroso" dago Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxa, "estatuko finantza-sistemarekiko beste desberdintasun bat", gaineratu du. Hala, maileguekiko gordailu-ratioa %86,9koa zen 2012 bukaeran; sektoreko batez bestekoa %70,9 da. Hau da: gordailutan daukan 100 euro bakoitzeko, 86,9 euro dauzka mailegutan emanda.
Morositatea edo berankortasuna ere batez bestekoaren azpitik dagoela nabarmentzen du Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak: 2012 bukaeran, % 6,95eko morositate-ratioa zuen, eta sektoreko batez bestekoa % 10,4koa zen, Sareb bankura aktibo toxikoak bideratu eta gero.
Aurrezki gehiago
2013ko lehenengo hiru hilabeteen bukaeran, mailegutan 16.357 milioi euro emanda zeuzkan Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak. Aurreko ekitaldian baino % 0,9 txikiagoa da zifra hori, hipoteka gutxiago eta kontsumo txikiago egotearen ondorioz.
Aldiz, bezeroek aurrezki gehiago dituzte orain entitatean, eta sendotu egin da negozioaren oinarri nagusi gisa. Hala, 16.733 milioi euro dituzte aurreztuta Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxako bezeroek.
Hiruhileko erronka nagusietako bat hauxe izan da: entitatea eraginkorragoa izatea eta gastuari eustea. Horrela bada, esplotazio-gastuak 53 milioi eurokoak izan dira urtarriletik martxora.
Azkenik, kreditu kooperatibak nabarmendu du Fitch kalifikazio-agentziak BBB kategoria eman ziola otsailaren 1ean, "Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxaren tamainako entitate batek Estatuan izan dezakeen kalifikazio onena", diote arduradunek.