Jakin arren, zergatik ez dugu euskara erabiltzen?

Imanol Gallego 2013ko apirilaren 15a

AEDk jasotako emaitzen gainean lan egiteko, lehenik euskaldunengana joko du.

Inor ez da harrituko Arrasateko kaleetan euskara gutxi entzuten dela irakurtzean, are gehiago, euren burua "euskalduntzat" duen jende askok gaztelerara jotzen du. Urte askotan hori ikusi ostean, AEDk hausnarketa sakon bat egiteko garaia iritsi zela ikusi zuen. 2009-2010 urteetan Siadecori ikerketa kualitatibo bat egiten eskatu zioten.

Bertan, euskararen ezagutza eta erabileraren arteko amildegiaren arrazoiak identifikatzeko ardura hartu zuen Siadecok "euskaltzaleok beti sumatu izan dugu amildegi hori, baina orain, benetako arrazoiak ezagutu nahi genituen", dio Itxaro Iraola AEDko kideak. Txostenak era askotariko arrazoiak aipatzen zituen eta 14 multzotan bildu zituen Siadecok. Ikerketako emaitzak gainera, jende aurrean aurkeztu ostean, lehen lantalde baten laguntzarekin, "bere lan esparrua finkatu genuen", dio Artolak. Hori guztiaren ondoren, txosteneko ondorioak jorratzetik, berau martxan jartzeko garaia iritsi da.

Datuei buelta emateko lana

Martitzenekoa ez da aurkezpen soil bat izango. Kulturateko Loramendi aretoan 18:30tan hasita, lehen lantalde batek, AEDren baitan, hilabete hauetan jorratu duten Euskaldunak Aktibatzeko Dirkutsoa aztertu, kritikatu eta ekarpenak egingo ditu. "Esparru metafisikotik, arlo aktibora salto egiteko garaia da", dio Artolak. Urrats txikiak emanez helburu handiak lortzen direnez, diskurtsoaren izenak argi usten duen moduan "lehenengo euskaldunengana joko dugu". Izan ere, erabilerari dagokionez euskaldunak dira tasa baxu horren erantzule. Erabilera maila baxu horren inguruko arrazoien inguruan galdetzean Artolak arin egiten du salto "arrazoiak baino, kasu askotan aitzaki hitza aipatuko nuke". Txostenean besteak beste "gazteleraz denok ulertzen gara", "ohitura falta"... bezalako arrazoiak aipatzen dira.

AEDtik badakite ez dela erronka erraza izango, baina batzarretik irtengo diren ondorioak jaso eta aztertzeko irrikaz daude. Euskararen inguruan ekapenak egin eta jasotzeko parada izango da martitzen arratsaldekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak