Azaroko indusketa lanek Gazteluondon dorre bat zegoela ziurtatu dute

Imanol Gallego 2013ko apirilaren 14a

Arkeolaneko Mertxe Ugartek ziurtzat eman du bertako harresia dorre baten aztarnak direla.

Pasa den azaroan ekin zion Arkeolanek Gazteluondo inguruko lurrak aztertzeari. Une hartan, indusketen arduraduna zen Mertxe Ugartek "parke osoak duen itxurarekin, errekak nola dauden ikusita eta beste gaztelu batzuek duten kokapena zein ezaugarriak aintzat hartuz, zergatik ez hemen ere, parkearen beheko partean, dorrearen beste zati bat aurkitu?". Bere susmoak ez ziren txarrak eta hilabete hauen osteko ikerketek arrazoia eman diote.

Azaroko indusketek zenbait datu argitu dituzten arren, oraindik Arkeolanek ez du dorrearen adinaren inguruko datu zehatzik. Dagoen tokiari erreparatu ezkero, litekeena Santa Barbarako gazteluko harresiko dorre bat izatea da, baina geroago egindako beste harresi baten zati bat ere izan daiteke.

Gazteluko harresiko dorrea?

Oraindik goiz da erantzun borobil bat eman ahal izateko. Ugarteren hitzetan, "kokalekuagatik litekeena, aztarnak, Santa Barbarako gazteluko harresiaren parte izatea da".

Aztarnen adina jakiteko baina, oraindik itxaron egin beharko da. Azaroan egindako indusketetan aurkitutako ikatz puzketa batzuk Suediara bidali dira eta bertan egiten ari diren karbono 14 frogek argituko du harresi zati horren adinaren misterioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak