Real Unionek azkarregi ito zuen Mondra

Xabier Urtzelai 2013ko apirilaren 14a

Mondra ito egin zen Real Union taldearen aurrean. Sailkapen taulak erakusten du bi taldeen artean dagoen aldea, eta berdeguneak berretsi egin zuen hori. Gehien komeni zitzaienean erritmoa apur bat aldatu, eta kanpotarrek azkarregi utzi zuten partidua erabakita, zuri-moreen zoritxarrerako.

Real Union ez zen denboraldi amaiera lasaiko partidua jokatzera etorri –talde batzuk amaitutzat eman dute urtea. Irungoek ez dute aurreko postuen borrokako protagonismoa Oiartzuni eta Hernaniri bakarrik eman nahi, eta aurrekoen lehia horretatik bost puntura badaude ere, besteen akats baten zain daude, ostera ere multzoan sartzeko.

Mondra, ostera, etorkizuna korapilatzen dabil. Badirudi Tolosan jaso zuten errepasoa ez dutela ahaztu (4-0), nahiz eta tartean Aste Santuko oporraldia izan duten. Mojategiko berdegunera lasai irten ziren, edo ez mailari eusteko borrokan dabilen talde batek izan behar duen amorruaz. Eta hori da Real Unionen aurrean Mondrak izan dezakeen aldeko puntu bakarretakoa, gaur gaurkoz futbolean kanpotarrak gehiago zirelako.  

Lehenengo gola, oparia 

Partiduko lehenengo gola baloi geldiko jokaldi batean etorri zen. Eta gauza bat da estrategia jokaldian gola jasotzea –entrenatzaileak amorratzen dituen kontu bat da hori– eta beste bat Mondrak jaso zuen gola jasotzea. Diogun moduan, falta atera eta bigarren lerroan bakarrik zegoen Real Unioneko jokalariak egin zuen 1-0ekoa. Baina ez buruz, hankaz sartu zuen gola; markaketan huts nabarmena, horrenbestez.

Eta gol horretatik Mondra ez zen errekuperatu, lehenengo zatiari dagokionez ez, behintzat. Hala, 35. minutuan penaltiz egin zuen Real Unionek 2-0ekoa. Egindakoa apartekoa izan barik, etekin ederra.  

Bigarrenean hobeto

Egiten zuen beroaz itota, Iturrinok hainbat aldaketa egin zituen freskotasuna bilatu nahian. Real Unionek partidua borobilduta zuen, eta Mondra gol bila zebilen. Zaitegik izan zuen aukera onena atezain aurrean bakarrik geratuta, baina loratutako baloia atepetik atera zuen atzelariak. Buruz hainbat gol-aukera garbi izan ostean, Irungoek lortu zuten 3. gola; eurek bai, baloia loratuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak