Zapatu arratsaldean Iturripera iritsi orduko Ford Mugarriren eta Egiaren ustezko partidu lehiatua hasita zegoen. Berandu iristearen motiboa ezkutatzeko beharrik ez: kanpoko kantxan lagun koadrila handi bat cricketean jokatzen zebilen, eta hori ikusten entretenitu ginen minutu batzuez. Hobe bertan geratu izan bagina, sikiera, cricketeko arauak ikasten.
Eta kantxa barrura sartu orduko lehenengo ezustea. Antza, Pablo Gartziaren Ford Mugarrik indartsu hasi zuen partidua, eta 10-2 ziren aurretik. Lehenengo minutu horietan etxeko taldea intentsitate handiz jokatzen ari zen, Egiakoen defentsa erraz gainditzen, eta jaurtiketa bakoitza erraz sareratzen. Joaneko partiduan Egia ligako kontrario gogorrenetakoa izan zen, eta partidu oso lehiatua izan zen. Talde horrek baina antz gutxi zuen zapatukoarekin. Halako batean, Arrasatekoek atera egindako jaurtiketa baten aurrean atezainaren gelditu baldarraz jabetu ginen, zerbait lekuz kanpo egongo balitz moduan. Eta janzkerak ere salatzen zuen: praka motzak, eta kirol-jertse arrunt bat jantzita, hura ez zen atezaina. Ordezkoen aulkitik jasotzen zituen animo oihuek baieztatu ziguten susmoa, eta ondorengo jokaldiko gola argigarria izan zen (13-2) atean lerrook idazten dabilena jarriz gero, antzera.
Entrenamendu saio bat
Lehenengo zatia 19-4 amaitu zuten, eta Arrasatekoen atean aldaketa izan zen: Eka atseden hartzera, eta Aitor Txabarri kantxara. Eta partiduak seriotasuna erabat galduta zuenez, Txabarrirendako erronka, Ekak jasotako gol kopurura ez iristea. Bada, galdu egin zuen erronka, Ford Mugarrikoek defentsan intentsitatea galdu eta kontrarioek beste 13 gol egin zituztelako. Baina, ordurako Arrasatekoek 42 alditan zulatuta zuten Egiakoen atea.