Erabilera anitzeko azoka bilakatu da gaur udal azoka. Goizean goizetik, zer egin egon da, eta arratsaldean ere festak jarraituko du.
Lehenengo ordutik jende mordoxka bat animatu da Azoka Eguneko egitarauarekin disfrutatzera. Baserritarrekin batera artisauek jarri dute postua; horien artean, bitxigintzak tokia izan du azokan baita fieltrozko osagarriek ere, askoren artean.
Bestalde, Bagarak truke azoka ipini du, eta dirua baliatu barik, arropak, jokoak eta beste elkartrukatzeko aukera egon da. Eta bigarren eskuko azoka ere ipini dute azokan.
Eguraldi ona lagun, jende asko eta asko bertaratu da 10:00etan hasi eta 14:00ak arte irekita egon den azoka berezian. Tabernan zer edo zer hartzeko aukera izan dute, eta bitartean, Ain_1 eta Azabatxe taldeen zuzeneko musikaz gozatu eta Tobera antzezlan txikia jarraitu dute.
Arratsaldean umeek ipuinekin gozatu dute aurrena, eta jarraian heldu zein gazteek ongi baino hobeto pasatu dute egin den moda desfile herrikoia ikusten; azokako plazan bai eta goiko aldean ere herritar asko batu da.
60 herritarren parte hartzearekin eraman da aurrera, eta herriko artisau, merkatari elkarteko kiden denden produktuekin desfilatu dute. Gainera, herriko diseinatzaile gazte Amaia Albesen sorkuntzak ere pasarela gainean ikusi dira.