Era berean, Azoka Eguna GUreztatu ekimenaren barruan orain arte egin den lanaren isla izatea gura dute antolatzaileek. Bestalde, ekintza ezberdinak antolatu bai, baina oinarrian zer dagoen ez dute ahaztu nahi. Izan ere, ezin da ahaztu lehen sektoreak orokorrean eta Arrasateko azokak modu berezian bizi duen gainbeherak eragin zuela biziberritzeko ekimen hau martxan jartzea.
Lehen sektorea oinarri
Baserritarrak prozesu osoan oinarrizko zutabe direnez, biharko azokan ere protagonismo berezia izango dute. Arrasateko zein bailara osoko 17 bat baserritar etorriko dira; sasoiko eta bertako produktuak erosteko aukera egongo da –produktu eraldatuak barne; besteak beste, Jakionekoak eta Gomiztegikoak– eta horrez gain, ohikoak ez diren beste hamaika postu ere egongo dira.
Ezohiko postuak
Harreman Gobernuz Kanpoko erakundekoek bidezko merkataritzaren postua jarriko dute eta bigarren eskuko produktuak erosteko aukera ere egongo da. Era berean, Eskuartean kolektiboko artisauek postua jarriko dute, beste artisau batzuekin batera. Guztira 17 bat lagunen eskulanak egongo dira salgai eta ikusgai.
Horrez gain, trukerako gunea ere egongo da: Bagarakoek bilketa puntu ezberdinak jarri dituzte azken asteetan eta bihar, gune horietan zerbait utzi dutenek orduan jasotako txartela beste produktu batengatik aldatzeko aukera izango dute. Txartelik ez dutenendako truke zuzenerako aukera ere egongo da.
Gainera, haurrendako tailerrak eta gaztetxekoen serigrafia tailerra –nork bere kamiseta eramatea gomendatu dute– ere egongo dira, besteak beste.
Bazkalaurretik kultura ekintzak
Azoka goiz osoan zehar egongo da zabalik, baina ez da hori izango goizeko eskaintza bakarra. Kultura ekintzarik ez da faltako: "Interesgarria izango da azoka moduko espazio baten kultura ekintzak antolatzea", dio Bagarako Arkaitz Biainek. 12:00etan Arrasateko Ain_1 taldeak ordu erdiko kontzertua eskainiko du eta gero, 12:30ean, Azabatxe taldea igoko da azokako plazan jarriko duten agertokira igoko dena. Ebert Sanchez musikagile eta artisauaren proiektu berria da Azabatxe. Goizeko egitarauarekin amaitzeko lehen bi toberetan parte hartu zuten antzezleetako batzuek saio motz bat egingo dute. Azoka eta kontsumo ohiturak gai hartuta, umorearendako tartea egongo da. Bazkalorduan etenaldia egingo dute eta 17:00ak aldera haurrendako ipuin kontaketa saioa egongo da Vanesa Sanchez kontalariaren eskutik.
Amaitzeko, moda desfile herrikoia
Azoka Eguneko egitarauarekin amaitzeko, moda desfile herrikoia antolatu dute Bagarakoek. Azoka biziberritzeko ekimenaren lehen fasean irten zen desfilea egitearen ideia –orain bigarren fasean dago proiektua–. Nola? Amaia Albes diseinatzaile arrasatearra hasieratik inplikatu zen prozesuan eta haren bildumak erakusteko aukera ederra izateaz aparte, herri osoari zabaltzeko moduko ekintza zela konturatu ziren.
Duela pare bat hilabete hasi ziren desfilea antolatzen; ez zuten halako harrerarik espero: "Ia bat-batean antolatutakoa izanda, herriko 60 bat modelo lortzea ederra da, ez genuen horrenbeste jende espero. Oso pozik gaude", adierazi digu Onintze Guridi Bagarako kideak. Bazkalaurreko kontzertu eta tobera saioarendako erabiliko den agertokia aprobetxatuz, pasarela ikusgarria muntatuko dute azokako plazatxoan. Lau pase egongo dira, lau talde ezberdinen arropa eta osagarriak erakusteko.
Lehen pasean Eskuartean artisauen kolektibokoek egindako osagarriak ikusi ahalko dira, gero Emauseko Sin Desperdicio gamako produktuak irtengo dira, hirugarren pasean Ibai-Arte merkatari elkarteko denda ezberdinetako arropa eta osagarriak irtengo dira eta amaitzeko, Amaia Albes diseinatzaile arrasatearraren azken bildumaz –Madame's Tail izenekoa– gozatzeko aukera egongo da: "Diseinu apurtzaileak izango dira, ea jendeak nola erantzuten duen", aurreratu digu Albesek. Emakumeen "sentsualitate eta dotoretasuna" nabarmentzeko bilduma da, gerruntzeak –kortseak– goraipatzen dituena. Zozketak ere ez dira faltako; gonbidapena eginda dago.
BIHARKO EGITARAUA
Azoka berezia
10:00 Bertako jakiak, artisauak, bidezko merkataritza, bigarren eskuko produktuen azoka, trukerako gunea, haurrendako tailerrak, serigrafia tailerra...
Kultura ekintzak
12:00 Ain_1.
12:30 Azabatxe.
13:00 Tobera saio motza.
17:00 Haurrendako ipuin kontaketa.
Moda desfile herrikoia
18:00 Desfilerako arropak: Ibai-Arte, Eskuartean, Emaus eta Amaia Albes.