The Biters taldea Arrasateko Taupa tabernan

Jagoba Domingo 2013ko apirilaren 10a

60ko hamarkadako pop melodiak, 70ko hamarkadako energia gordina eta 80ko hamarkadako jarrera koktelera baten sartu eta hura ondo astindu ondoren, emaitza The Biters izan zen. Atlantatik datorren talde hau Arrasateko Taupa tabernan eskainiko du kontzertua datorren astelehenean, hilak 15, 19:30etan Bomber Booking agentziaren eskutik.

Europan barrena biran murgilduta dago laukotea eta oraingoan Arrasaten egingo du geldialdia. Dagoeneko Espainiar estatuan, Italian, Frantzian, Alemanian eta Ingalaterra aldean egon dira All chewed up, taldearen azken lana aurkezten. Zuzeneko indartsu eta izerditsuetara ohitu dituzte jarraitzaileak, eta hilabete luzez Europako hainbat hiri konkistatu ondoren, sasoi ezin-hobean dator rock-and-roll-a egiteko makina hau.

Taldeak ibilbide motza du, 2009an jaio zen, baina dagoeneko bi EP eta lan luze bat argitaratu ditu; The Biters (2010), It’s OK to like The Biters (2010) eta All chewed up (2011) hain zuzen. Kritika oso onak jaso dituzte; T.Rex, Cheap Trick eta The Stooges edo MC5 taldeen nahasketa bezala definitu dute taldea eta esan bezala, zuzeneko gordin eta izerditsuengatik dira ezagunak. Taldearen 3 urte hauetan, Danko Jones edo Social Distortion talde esanguratsuekin batera egin dituzte birak, beraz Arrasateko kontzertua ikusgarria izateko osagai guztiak ditu astelehena izan arren. Punk-aren energiaz eta pop melodiez gozatzeko aukera paregabea izango da datorren astelehenekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak