Urtero moduan, Udal bibliotekak hainbat ekitaldi antolatu ditu Haur Liburuaren Eguna –hilaren 2an izan zen– eta Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Asun Agiriano bibliotekariak argi azaldu digu zein den helburua: "Adin ezberdinendako egitaraua egin dugu aurten ere. Helburua da, modu sinbolikoan bada ere, ospakizuna egitea egun horiek herritarrengana hel daitezen".
Aste honetako ekintzak
Ekintzak bihar hasi eta hilaren 30era arte luzatuko dira. Bihar, hilak 9, txotxongilo erakusketa irekiko dute Kulturateko klaustroan, Gorakada antzerki taldearen 25. urteurrena ospatzeko. Martitzenetik domekara arte egongo da zabalik (17:30-20:30), hilaren 30era arte: "Gorakada antzerki taldeen antzezlanetan erabilitako txotxongiloak egongo dira ikusgai. Txotxongiloak ikusgarriak, bitxiak eta bereziak iruditzen zaizkigu eta haurrei zein helduei asko gustatzen zaizkie".
Erakusketaz gain, txotxongiloekin lotutako emanaldiak ere egongo dira. Eguenean, adibidez, Pantzart taldearen Boli Bili Boli ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Kulturateko areto nagusian (18:00). 3 eta 6 urte arteko haurrendako da: "Tolosako Topic txotxongilo museoan estreinatu zuten ikuskizuna 2012ko ekainean. Juan Kruz Igerabideren olerkietan oinarrituta dago eta gogo handiak ditugu ikusteko. Ibilbide luzekoa da", dio Agirianok.
Aste honetako ekintzekin amaitzeko, munduko kontalariak izango ditugu protagonista egubakoitzean, hilak 12, Kulturateko areto nagusian (19:00): Argentinako Valia Percik, Kataluniako Arnau Vilardebó eta Euskal Herriko Maite Arrese. Vilardebóren –Els Joglars taldeko kidea da, besteak beste– eskutik 16 eta 17 urte arteko gazteendako ikuskizun bat egongo da, egitarauan jasota ez dagoena.