Harreraren gaineko topikoak apurtu nahi dituzte dokumental batekin

Leire Kortabarria 2013ko apirilaren 8a

Harrera-familiekin dokumentala egin dute ZuOndoan taldekoek. Arrasateko Esther Fernandez eta Aretxabaletako Mikel Yerobi dira taldeko kideetako bi. Arrasaten izango da estreinaldia apirilaren 17an.

Harrera-gurasoa izatea zer den, zein izan daitekeen harrera-guraso, harrera zer eta zertarako den, harrera-umeak zeintzuk eta nolakoak diren… hori guztia ez dago behar adina argi, ezta gaur egungo informazioaren gizartean ere. Horretaz konturatu zen Azkoitiko Itziar Elias harrera-ama bera ere: "Zuzenean eragiten zidan jendearen informazio faltak. Harrera-gurasook genuen batzar baten otu zitzaidan Foru Aldundiko ordezkariei galdetzea ea informazio bat zabalduko zuten, eta erantzun zidaten gurasook ginela hori transmititzeko onenak… Etxera etorri nintzen, gure esku bazegoen, zerbait egin behar genuela sinistuta. Ahizpari komentatu nion; berak komunikazioan lan egiten du, nik antzerki munduko ikuspuntua dut… Azkenean, lau lagun batu gara eta dokumentala eta antzezlana sortu ditugu".


Lau lagun horiek ZuOndoan elkartea sortu dute. Bi ahizpa azkoitiarrekin batera, Aretxabaletan jaiotako eta Zarautzen bizi den Mikel Yerobi eta Arrasateko Esther Fernandez dabiltza. Lauren lanaren emaitza bikoitza da: Gu ere harrera familia gara dokumentala eta Maddi eta Antton antzerkia. Bien lehenengo emanaldia Arrasaten izango da, Kulturaten, apirilaren 17an, bata bestearen segidan. Dena ZuOndoan taldekoek egin dute, euren iniziatibaz eta jendarteari harreraren baliabidea gerturatzeko gogoak bultzatuta. Gerora, Irrien Lagunak Klubak bat egin du euren ekimenarekin, eta Maddi eta Antton harrera anai-arrebak izan ziren Irrien Lagunak Klubaren aldizkariaren urtarrileko zenbakiko protagonistak. Harreraren gainekoa egin zuten zenbaki hura.


Ume asko familia baten zain

Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Departamentuak emandako datuen arabera, gaur egun 254 ume eta gaztetxo daude Aldundiaren harrera-egoitzetan. Aldundiaren zaintzapean dauden ume eta gaztetxoetatik 66 borondatezko harrerara daude bideratuta, eta 20, harrera profesionalizatura (behar bereziak dituzten umeak dira, eta harreragilea bereziki prestatuta dagoen norbait izaten da, beti norbanako bat). Harrera-familiatan 319 ume eta gaztetxo daude: 149 umearen familia zabalak hartuta (aitaita-amamak, osaba-izebak…); 148, beste familia batzuetan; eta 22, harrera profesionalizatuan. Ume guztiak gipuzkoarrak dira eta Gipuzkoan bizi dira.
Harrera-familiaren zain dauden 66 ume horietatik 10 familia zabalak har ditzan balorazioaren zain daude. Beste 56 ume daude, beraz, eurak hartzeko gertu dagoen familiaren baten zain: 15 ume bakar, 13 anai-arreba bikote eta bost anai-arreba hirukote. 0 eta 6 urte arteko 14 ume daude; 7 eta 12 urte arteko 33; eta 13 eta 18 arteko bederatzi gaztetxo.


Harremana ez da inoiz eteten

ZuOndoanen helburua, bai antzerkiaren kasuan bai dokumentalarenean, hauxe da: harreraren inguruan ikusten duten tabua desagerrarazi eta harreraren inguruko interesa piztu. Euren iritziz, harrera ez da modu naturalean ikusten, eta horren adibidea ematen du Itziar Eliasek: "Konparazio garbiena adopzioekin da. Adopzioa denok ezagutzen dugu eta normaltzat hartzen dugu. Gurasoari ez diozu galdetzen nondik ekarri duen umea edo zergatik abandonatu zuten; zorionak ematen dizkiozu, zorte ona opa diozu, eta kito. Aldiz, guri, harrera-gurasooi, galdera piloa egiten digute, eta askotan, umearen aurrean". Eliasen iritziz, jendeak ez du asmo txarrez egiten, informazio falta handia dagoelako baizik.


Umea nongoa den, gurasoek ze arazo duten… horrelako galderak ohikoak dira, eta baita beste hau ere: "Eta umea kentzen badizute?", harrera, berez, denbora baterako delako. Itziar Eliasek dio min egiten diola galdera horrek, eta honela azaltzen du zergatia: "Ez digute umea kentzen, baizik eta bere gurasoak ditu eta haiekin bueltan joaten da, baina umearekin duzun harremana sekula ez dizute kentzen, ezta bueltan joanda ere. Haurrak hazi eta hezten dira bi aita eta bi ama dituztela, eta horrela izaten jarraituko du. Ni beti izango naiz nire harrera-umearen harrera-ama".


Foru Aldundiak esaten duenez, harrera behar adina luzatu daiteke. Helburua da adin txikiko horri familia baten bizi izateko aukera ematea, bere jatorrizko familia umea berriz hartzeko moduan egon arte. Kasu batzuetan, umeak 18 urte egin arte iraun dezake harrerak. Foru Aldundiak azpimarratzen du harrera ez dela adopzioa, ez eta adoptatzeko zeharkako bide bat ere.


Ezkongabeak, homosexualak…

Harrera zeinek egin dezakeen ere ez dago behar adina argi jendearendako, Itziar Eliasen iritziz. Bere ustez, ez dago nahikoa baliabide jendeak informazio hori samur jaso dezan: "Gai hau gizarteratuta ez dagoenez, jende askok harrera-guraso izan nahi duen arren, galduta dago. Eta ni, ezkondu gabe, bakarrik bizi izanda, izan naiteke harrera-guraso?, galdetu izan didate. Edo beste hau esan izan didate: Ni homosexuala naiz eta igual trabak jarriko dizkidate. Informazioa gizartean izango balitz, garbi izango genuke atea denondako zabalik dagoela".
Gipuzkoako Foru Aldundiak baldintza hauek bakarrik ipintzen dizkio harrera-familia bihurtu nahi duenari: familia osoak, etxean bizi diren guztiak konforme egon behar dira harrera-umea hartzearekin; argi izan behar dute harrera egitea dela helburua, ez umea adoptatzea; ume edo gaztetxoa den bezala onartzeko gertu egon behar dira; eta haren egoera aldatu egin daitekeela ere jakin behar dute. Bestalde, harreragileak ez daude bakarrik; harrerak dirauen bitartean, laguntza jasoko dute.


"Ez dago desberdintasunik"

Harrera-umeak, hala izateagatik, hezteko bereziki zailak diren ustea ere nahiko hedatuta dago. ZuOndoan taldeko harrera-amak bere ikuspuntua ematen du: "Bere motxila dakarten umeak izaten dira, bai; bizipen batzuk dituzte atzetik. Badituzte askotan gizarteratzeko arazoak, desengainu izugarria dutelako. Hori dena bideratu egin behar dute, eta umeak dira; batzuetan, lagunak egitea-eta kosta egiten zaie. Horregatik, banaka hartu behar dira eta pazientzia handiarekin". Bai, baina… "Baina, beharbada, nire alaba biologikoa ere halakoa da. Hau da: klitxe batzuk jartzen dizkiegu askotan, eta ez, dena ez da goxo-goxoa; baina zure seme-alabak haztea ere ez da goxo-goxoa izaten. Nik bi alaba ditut, eta hirugarrena harrera-umea da, eta ez dut alderik ikusten".
Itziar Eliasen iritziz, harrera-umea hartzeko "ez da ezer berezirik behar; gogoa, bai, eta haur horiei maitasuna ematea. Eta sekulako ordaina du horrek, izan ere, badute ume horiek irribarre berezia, eta aurpegira irribarrez begiratzen dizutenean, horrek beste dena konpentsatzen du".


Dokumental hunkigarria

Esther Fernandezen, ZuOndoan taldeko arrasatearraren kasua oso bestelakoa da: ez zuen harreraren gaineko aparteko informaziorik edo esperientziarik, eta Gu ere harrera familia gara dokumentala egiterakoan ikusitakoak balio izan dio orain dakiena ikasteko. Dokumental hori ikustera gonbidatzen ditu debagoiendarrak, eta zer ikusiko duten laburtzen du: "Zortzi kasu agertzen dira, zortzi harrera-familia, eta elkarrizketa guztiak gure kontaktuak erabilita lotu genituen. Askotariko familiak daude: guraso bakarrekoak, tradizionalak…denetarik. Eta hainbat senide agertzen dira: harrera-gurasoak, harrera-amama bat, anai-arrebak…" Fernandezek "mila bider" ikusi du dokumentala, eta hala ere "denetan" ailegatzen zaio bihotzera. "Oso sentibera ez izanda ere, oso zaila da dokumentalean agertzen denak ikuslea ez hunkitzea. Baina helburua ez da pena ematea, baizik eta jendeak ikusi dezala zein aberasgarria den harrera-familia izatea".


Nahiz eta dokumentalean harrera-ume eta harrera-gaztetxoak ez diren agertzen, Estherrek ezagutu ditu, eta honako inpresioa egin diote: "Askoz biziagoak dira; beste esperientzia batzuk dituzte, eta nahiz eta oso txikiak izan esperientzia horiek bizi izan zituztenean, hortxe geratu zaizkie".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak