Izar Bedia: "Entrenamenduetan asko lagundu didate Hondarribia-Iruneko neskek"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko apirilaren 8a

Hondarribia-Irun taldearekin entrenatzen ibili da azkeneko astean Izar Bedia arrasatearra. 18 urte betetzear, etorkizun handiko saskibaloi jokalaria da Bedia. Gustura dago Eskoriatzako elkartean, eta aurrerantzean ere Eskoriatzan jokatzen jarraitzeko asmoa duela azaldu du.

Nolako esperientzia izan da lehenengo mailako Hondarribia-Irun taldearekin entrenatzea?

Oso ona. Nire taldearekin entrenatzearen aldean askoz ere maila handiagoa dago, baina oso gustura egon naiz. Lehenengo mailako jokalariekin entrenatu dut, besteak beste, Ana Suarez eta Thania Quinterorekin. Oso gustura egon naiz eta asko lagundu didate. Partiduak jokatu izan ditugunean oso ondo azaldu didate zer egin behar nuen.

Zuk bakarrik izan duzu aukera hau ala beste neska batzuk ere egon dira zure egoera berean?

Entrenamendu batera beste neska bat ere etorri zen, Hondarribia-Irun gazte mailako jokalaria zena; eta, beste behin, bi mutil etorri ziren gurekin entrenatzera.

Nola iritsi zitzaizun Hondarribia-Irun taldearekin entrenatzeko aukera hau?

Eskoriatzan, saski eskolaren barruan topaketa bat egin genuen. Orduan, lau pertsona aukeratu zituzten eurekin entrenatzeko; tartean, ni aukeratu ninduten. Behin entrenamendu hori eginda, galdetu zidaten ea nahi nuen eurekin entrenatu Hondarribian. Joan zen eguaztenean eta astelehenean egin nituen entrenamenduok.

Entrenamenduei dagokienez, Eskoriatza eta Hondarribia-Irun taldeen artean ze ezberdintasun dagoela esango zenuke?

Alde handia ez dago. Nabaritzen dena da fisikoki indartsuagoak, askoz ere gogorragoak direla eurak; baina entrenamenduak nahiko antzerakoak izaten dira, antzerako ariketak egiten ditugu. Bestalde, Hondarribia-Irunen jaurtiketak asko lantzen dituzte, oso jaurtiketa ona dute, asko jaurtitzen dute. Hortaz, nabaritzen da jaurtiketak gehiago entrenatzen dituztela.

Zure betiko lekuan jokatu duzu eurekin ere?

Eskoriatzan hegaleko jokalaria naiz eta Hondarribian ere postu berean entrenatu dut.

15 urterekin hasi zinen senior mailan jokatzen. Gogorra izan zen aldaketa?

Bai, batez ere lehenengo urtea izan zen gogorra. Aldaketa handia izan zen. Senior mailara pasa nintzen, eta talde berrian denak ni baino handiagoak ziren. Baina non sartu naiz? Pentsatzen nuen hasieran. Baina, egia da berehala moldatu nintzela talde berrira. Gainera, hasierako urtean aste bukaera guztietan bi partidu jokatzen nituen: gazte mailakoa eta senior mailako. Hala ere, partiduak ez ziren arratsalde berean izaten: zapatu goizean eta zapatu arratsaldean, edo zapatuan eta domekan izaten ziren.

Noiz hasi zinen saskibaloian jokatzen?

12-13 urterekin hasi nintzen. Nire ahizpa Olatz Eskoriatza taldeko saskibaloi jokalaria zen, eta batzuetan berarekin joaten nintzen entrenatzera. Hala erabaki nuen saskibaloian hastea, ahizpak bultzatuta. Saskibaloian hasi aurretik eskola kirolean beste kirol batzuk ezagutu nituen, baina ez nuen kirol jakin bat egin.

Zer eskaintzen dizu saskibaloiak?

Ni oso gustura joaten naiz entrenatzera. Asko laguntzen dit egunerokotasunetik deskonektatzeko.

Eskoriatzako elkartean saskibaloi eskola daukazue. Harrobia lantzeko modu ona da?

Lehen ez zegoen saski eskola, ni hasi nintzenean ez zegoen. Eskoriatzako alebin taldean sartu nintzen ni. Gaur egun, 11 urteko neskak hasten dira saski eskolan. Oso lan polita egiten dutela uste dut, eta etorkizunean jokalari onak irtengo dira hortik. Oinarri bat erakusten diete. Gainera, ez diete bakarrik saskibaloian jokatzen erakusten; jarrera ere erakusten diete.

Etorkizun handiko jokalaria zara. Zein uste duzu dela zure alderdi indartsua?

Asko gustatzen zait barneratzeak egitea, botearekin; kanpoko jaurtiketak egitea, aldiz, asko kostatzen zait. Uste dut hori dela hobetu behar dudan aldea, jaurtiketa. Fisikoki, indartsua naizen arren, Hondarribia-Irun bezalako talde batekin alderatuta ez naiz hain indartsua. Hobetu egin beharko nuke.

Nola ikusten duzu saskibaloiaren egoera?

Ondo ikusten dut nik, beti bezala.

Eta emakumearen egoera saskibaloian?

Ona da. Saskibaloiaz bizi diren emakumeak badaude, gizonen aldean beste maila batean izan arren.

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua?

Gustatuko litzaidake Gasteizen IVEF ikastea –kirolarekin lotutako ikasketak– eta baita Eskoriatzan jarraitzea saskibaloian jokatzen. Gaur egun hori da nire asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak