Hilabete da Mugi txartela martxan dela

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko apirilaren 4a

Sistema berria ezartzeak aldaketak suposatu ditu, eta gurean ere aldeko eta kontrako iritziak sortu ditu.

Gaur da hilabete Mugi txartela martxan dela. Gipuzkoako Lurralde Agintaritzak sortua, lurralde osorako txartel bateratua da Mugi. Tarifa-sistema bateratua ezartzen du, eta garraio publiko bat baino gehiagotan erabil daiteke, hala nola Lurraldebuseko zerbitzuetan, Euskotrenen eta Donostiako, Hernaniko, Arrasateko, Irungo zein Errenteriako urbanoetan. Zerbitzuaren prezioa, berriz, errenta aitorpenaren araberakoa da, eta laguntza bereziak dituzte umeek, erretiratuek, edo ezinduek.

Sistema berria ezartzeak aldaketak suposatu ditu, eta gurean ere aldeko eta kontrako iritziak sortu ditu.  Egokitzapenak aldaketarik suposatu ez dieten erabiltzaileak gustura agertu dira. Sistema bateratuaren onurak eta txartelarekin egiten dizkieten deskontuak aipatu dizkigute gaur Arrasateko San Frantzisko autobus geltokian. Arazoak antzeman dituztenak ere badira ordea.

Dokumentazioa bideratzeko aukera ematen duten establezimenduetan, esaterako, kezka agertu dute. Arrasateko bitan izan gara, eta haserre sumatu ditugu. Ez dute medioen aurrean adierazpen publikorik egin gura izan, baina kontatu digute aldaketa ez dela ondo planifikatu, informazioa prentsa bidez jaso behar izan dutela eta euren establezimenduak Aldundiaren informazio puntu bihurtu direla. Sarri, gainera, sistemaren akatsak tarteko erabiltzaileen haserrea pairatu behar izaten dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak