Klub bakoitzak Aukea kirol erakundean duen ordezkariaren bitartez informazioa eskatu zion Udalari, hesia jartzearen zergatiaren eta izango duen erabileraren berri jasotzeko. Mondrako Laspiurrek halaxe azaldu digu harremanak zein puntutan dauden: "Udalarekin egin dugun azken bileran esan digute Hirigintzakoekin eta alkatearen gaia aztertu behar dutela aste bukaeretan Arruena parkea ireki ahal izateko".
Aurrerago beste batzar bat egingo dute baina Laspiurrek gogora ekarri du, eurei dagokienez, autoak bi orduz egongo zirela bakarrik: "Jendeak autoa hor uzten du futbol partiduak irauten duen bi orduetan bakarrik".
Kirol taldeak, informazio eske
Bestalde, Zufiriak aipatu du domekan ez dagoela arazorik Eroskiko aparkalekua erabil daitekeelako; arazoa zapatuko ekitaldietan sortuko litzateke: "Federazioan eman nuen itxieraren berri eta Eroskiko aparkalekua erabiltzeko esan diet. Domeketan ondo, Eroski itxita dagoelako. Baina zapatutan...".
Arrasate Rugbi Taldeak salatu du Udalak hesia abisatu gabe jarri izana: "Ez genuen inongo jakinarazpenik jaso eta egun batetik bestera hesia ikusi genuen. Hori bai, urtarrila ezkero hor zegoen hesia jartzeko instalazioa". Aste barruan 17:00etatik 22:00etara erabiltzen da Arruena parkea aparkaleku moduan eta 30 edo 40 ibilgailu egoten dira bertan, Arrasate Rugbi Taldekoen arabera: "Aste bukaeretan handitu egiten da ibilgailu kopurua, bere garaian Aukearekin hala adostu genuelako. Uste dugu Zigarrolako sarrera nagusiko aparkalekua ez dela nahikoa eta ez dela egokia. Horregatik jakin gura dugu hesia zergatik jarri duten eta nola erabiliko den".
Udala: "Gune berdea da"
Udaleko Hirigintza Sailak gogora ekarri du Arruenakoa gune berdea dela: "Udal Egitamu Orokorrak eremu zabal eta berdeguneen barruan jasota dauka. Beraz, aparkaleku erabilera, era orokorrean, ezin du izan", dio martxoaren 25eko Tokiko Gobernu Batzarrean onartutako diktamenak.
Horrez gain, Udalak dio izaera berezia duten zenbait ekintza egiteko erabil ahal zela, "noizean behin". Hori bai, "berezko berdegune izaera" galdu gabe: "Denbora batetik hona gunea erabilera oker bat jasaten hasi da eta jatorrizko helburuak galtzen hasiak ziren. Ez hori bakarrik, gunea gero eta gehiago kaskartzen hasi zen, etengabe belarra galtzen, eta berezko berdegune izaera behin-betiko galtzeko arriskua gero eta nabarmenagoa zen". Hori ikusita, ibilgailurik ez sartzeko hesia jarri zuten.
Heliportua larrialdietarako
Era berean, Udalak argitu gura izan du Osakidetzaren larrialdi protokoloak Arruenako gune hori helikopteroek lur hartzeko lehen aukera moduan dutela aurreikusita. Arruena libre ez balego, helikopteroarendako bigarren aukera Mojategiko belarrezko zelaia izango litzateke.